EH Bilduk legealdi honetarako ildo estrategikoak aurkeztu ditu gaur goizean. Bertan, larrialdi klimatikoaren erronkari eta, zaintzen erronka demografikoari helduko diote, betiere Gasteizko herritarren beharrak lehenetsiz. «Lehenik eta behin, jendearen premia larrienei erantzun behar diegu, eta, horretarako, gure proposamenak eta nahi dugun hiri-ereduari buruzko bide-orria prestatu ditugu. Bermerik onena duen bide-orria: herritarrena. Hala erakutsi zuten hautetsontzietan, eta gure konpromisoa orain gauzatzea da», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.
Azken batean, EH Bilduk herritarrak zainduko dituen Gasteiz baterako proposamenak aurkeztu ditu, duintasunez bizitzea eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuta izatea ahalbidetuko duena. «EH Bildun esaten duguna egin eta egiten duguna esaten dugu. Esan dugun guztia egin nahi dugu. Horretarako, ekimen zehatzak eramango ditugu ostegun honetako udalbatzara».
Horrela, EH Bilduko zinegotzi Unai Fernandez de Betoñok etxebizitzari lotutako proposamen bat aurkeztu du, bere funtzio sozialaren defentsatik ulertuta, eta demografiaren eta zaintzaren erronkari erantzutera bideratuta dagoena. «Alokairuaren prezioak marka historikoa lortu du Gasteizen, eta 9.500 pertsona baino gehiago ari dira alokairu babestuko etxebizitza eskatzen. Egoera horren aurrean, EH Bilduk Udalak egindako etxebizitza-politika sendoa nahi du, EH Bilduren babesari esker dugun Etxebizitzaren Lege berriak ematen dizkigun tresnak aplikatu ahal izateko», adierazi du zinegotziak, eta, horregatik, osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela ziurtatu du, Gasteizen tenkatutako bizitegi-eremuak lehenbailehen izenda daitezen. Ildo horretan, EH Bilduk Tenkatutako bizitegi-eremu horietarako Ekintza Plan bat egitea eskatuko du osoko bilkuran, baita etxebizitza eskaintzaren desorekak konpontzeko neurriak eta plana garatzeko egutegia ere.
Larrialdi klimatikoaren erronkari dagokionez, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak mozio bat aurkeztu du, eta osoko bilkurari klimaren aldeko itun sozial bat bultzatzeko eskatuko dio. «EH Bilduk berretsi egiten du klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko duen eta hiriaren deskarbonizazio-prozesua bizkortzeko beharrarekin duen konpromisoa. Eta badakigu lan honek denoi eragiten digula. Horregatik, klimaren aldeko itun sozial bat bultzatu nahi dugu, Gasteizko eragile guztiak inplikatuko dituena, guztion artean karbono-neutraltasunerako trantsizio horretarako bide-orri errealista bat sor dezagun». Hala, Villalbak azpimarratu du Gasteizek berretsi egin behar duela 2030erako hiri adimendunen eta klimatikoki neutroen Europako misioarekin duen konpromisoa, eta era guztietako eragileak inplikatu behar dituela helburu horretan. Ildo horretan, EH Bilduk klimaren aldeko herritarren batzar bat sortzea eskatu du, bertan parte hartzeko gonbidapena egin eta eragile guztiak aintzat har daitezen, izaera iraunkorra izan dadin eta udalerria deskarbonizatzeko Europako misioak eskatzen duen "klima-kontratuaren" papera bete dezan.