AKTUALITATEA


| 2025-01-16 09:01:00

EH Bilduk Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua Zorro Dekretuan ezarritakoaren arabera berrantolatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, eta, ondorioz, Arabako Foru Aldundiari zerbitzu osoa bere gain hartzeko edo, bestela, 2025erako kostuaren %100 ordaintzeko. Gaur egun, nahiz eta legeak ezarritakoaren arabera zerbitzuaren titulartasuna Aldundiaren ardura izan, Gasteizko Udalak kostuaren erdia baino gehiago ordaintzen jarraitzen du.

Zorro Dekretuaren helburua pertsona guztiek gizarte-zerbitzuetarako sarbidea izatea bermatzea da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta hainbat udalen arteko elkarlanaren bidez oinarritu zen erakunde bakoitzaren eskumenak antolatzeko eta banatzeko. Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko antolaketa eta banaketa 2017. urtekoa da, eta une horretatik aurrera hasierako hitzarmenaren hainbat aldaketa sinatu dira, eskumenen banaketaren behin betiko gauzatzea etengabe atzeratuz.

Alde batetik, 2024/12/31 finkatzen du Foru Aldundiari zerbitzua eskualdatzeko data gisa. Bestalde, bi erakundeek kostuaren %50eko ekarpena egin behar dutela ezartzen du, baina, edonola ere, Arabako Foru Aldundiak gehienez 247.000€ ordainduko dituela zehaztuz. Alberto Porras, EH Bilduko zinegotzia, «Egungo hitzarmena kaltegarria da gure udalarentzat; izan ere, nahiz eta Aldundiak Zorro Dekretuaren arabera bere gain hartu behar duen zerbitzua izan, 247.000 €-ko muga dela eta,  zerbitzuak egun kostatzen dituen 586.000€etatik Aldundiak erdia ere ez du ordaintzen».

Gainera, kostua 100.000€ baino gehiago handitzea aurreikusten da 2025erako, udaltzaingoaren segurtasunaren eskumena enpresa pribatu bati eskualdatzean. Horrek esan nahi du, gaur egungo hitzarmenaren arabera, Arabako Foru Aldundiak ez lukeela ordainduko gaur egun ordaintzen duen %50 edo %42, baizik eta zenbateko osoaren %35.