AKTUALITATEA


| 2020-06-26 11:53:00

Hiriaren Egoeraren Eztabaidaren bigarren saioan Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, inbertitzeko eta eredu berri baten aldeko apustua egiteko unea da, 'gehiagoren eredua'. EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "'gehiagoren eredua'-ren alde egin behar da, aberastasun gehiago sortzea proposatzen dugu, modu jasangarrian eta berdean, eta gehiago eta hobeto banatzea, horrela, diru gehiago bildu eta zerbitzu publiko gehiago emateko. Aurrerakoia da".

Era berean, Larrionek esan du EAJren eredua agortuta dagoela eta Urtaranek aplikatu nahi duen murrizketa politikak huts egin duela. "Gobernu honek aldebakartasunez jokatu du, deseskalatzea modu kaotikoan kudeatu du, ez du ez lasaitasunik ez konfiantzarik transmititzen eta orain inbertitu beharrean, nahiago du murrizketak egin. Hori da zure eredua, Urtaran jauna, eredu agortua".

EH Bildu da duela 30 urteko eredu bera ez duen alderdi bakarra. EH Bilduren proposamenak pandemia honek utzi duenaren azterketa errealista eta osoa egitea eskatzen du eta, behin eginda, dena hobekuntzekin berreraikitzea da asmoa, kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.

EH Bilduk, bere Jaiki Gasteiz planaren bidez, proposamenak egin ditu osasunaren, gizarte politiken, ekonomiaren, industriaren, klima-aldaketari emandako erantzunaren eta mugikortasun iraunkor, aktibo eta seguruaren arloan. Hori da EH Bilduk egin duen lana, eta egiten jarraituko duena, nahiz eta gobernuak uko egiten dion.

EH Bilduko bozeramailea oso kritikoa izan da Urtaran kabinetearen kudeaketarekin eta atzo alkateak emandako hitzaldiarekin. "Atzo saldu zenuenak lotsatu egiten du hiri hau. Lakua pabiloiaz hitz egin zenuen, baita esan ere ez zela kutsadurarik izan. Eta zergatik ez duzu hitz egiten egon zenaz? Hildako emakume bat eta sexu-eraso bat. Bi emakumerentzat udaletxeko aterkipeko konfinamenduak porrot egin zuen", esan dio Larrionek Urtarani.

EH Bilduko bozeramaileak alkatearen sinesgarritasun falta salatu du: "Vitalquilerren 500 etxebizitza funts putre bati saldu izanak -gobernuak oraindik horri buruzko azalpenik eman ez duenean-, edo atzo alkateak 'zerbitzu nagusitzat' jotzen zuen ELZk -urtarrilean zerbitzuan murrizketak egin zituenean-, gaur egun, zuk, Urtaran jauna, sinesgarritasunik ez izatea eragiten duten adibideetako batzuk dira. EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu honek huts egin die herritarrei hauek gehien behar zutenean”.