EH Bilduk 2025erako PSE-EAJ gobernu taldearekin duen aurrekontu akordioa aurkeztu du. Akordioan hogei zuzenketa inguru jasotzen dira, guztira 7.750.000€-ko balioarekin. Aurkeztutako neurriek «aurrerabiderako politika eraldatzaileak» gauzatzea izango dute helburu, guztiak ere bost bloke handitan kokatuta: gizarte-babesa, adineko pertsonei eta pertsona ahulenei arreta berezia eskainiz; etxebizitza propioan inbertitzea, etxebizitza eskuratzeak dakarren erronka kolektiboari erantzuteko; dinamizazio ekonomikoa eta komertziala, negozio berrietarako erraztasunak emanez eta lehen sektoreari arreta berezia eskainiz; trantsizio ekosoziala, deskarbonizazio-prozesuak bizkortzeko eta hiri iraunkorragoa lortzeko; eta, azkenik, aisialdian, kulturan eta kirolean neurriak hartzea, Gasteiz bizitzea merezi duen hiria izan dadin.
Euskal Herria Bilduk akordioaren edukiari balioa eman nahi izan dio eta «jendeari lana, proiektuak, neurriak eta politika publiko anbiziotsuak eginez bizitza errazteko aukera» bezala adierazi nahi izan du, «iaz irekitako bideari eustea eta indartzea ahalbidetzen duen akordio batekin». Halaber, alderdi politikoak, Udaleko indar politiko nagusia den aldetik, Gasteizko erronka handiei aurre egiteko neurri garrantzitsuak lortzeko hitz egin eta negoziatu behar duela nabarmendu nahi izan du. Gainera, neurri guztiak biltzen dituzten 7.750.000 euroez gain, akordioak beste 8.000.000 € biltzen ditu konpromiso-kredituetan; izan ere, Rocio Viterok azaldu duenez, «guretzat ezinbestekoa da ekiten ari garen proiektuei jarraipena ematea eta potentzial osoa lortzen dutela bermatzea».
EH Bilduk aurrekontuetan aurreikusitako finantzaketaren ia erdia babes sozialeko eta etxebizitzako jarduerak diruz laguntzeko erabiliko du. Rocio Viterok adierazi duen bezala, «horrek Euskal Herria Bilduk bi gai hauekiko duen konpromisoa eta lehentasuna erakusten du, herritarren ongizatea hobetzeko funtsezkoak baitira».
Alde batetik, babes sozialean, EH Bilduk 5.500.000€ izango ditu legealdi osoan zehar etxebizitza komunitarioak eraikitzeko eta hornitzeko; gaur egun, aurten aurreikusitako partidan, 1.250.000€ dituzte jada etxebizitza komunitario berriak hasteko eta itxaron-zerrendan dauden 200 adineko pertsonei erantzuteko. Gainera, 755.000€ inbertituko dituzte larrialdietan zaurgarrienak diren pertsonak artatzeko baliabide berri bat martxan jartzeko, eta 160.000€ harrera-jarduerak eta bizikidetzakoak sustatzeko.
Bestalde, etxebizitzaren arloan, EH Bilduk nabarmen handitu du 2024an egindako inbertsioa, eta guztira 1.500.000€-ra iritsi da 2025erako. Partidaren helburua etxebizitza-politika propioetan inbertitzen jarraitzea eta Alde Zaharrean dagoeneko abian den gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko planaren antzeko proiektuak abian jartzea izango da. Etxebizitza izanik Gasteizko herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat, EH Bilduk erabateko konpromisoa agertu du, eta legegintzaldi osorako 4.350.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute, hainbat jarduera bultzatzeko eta ildo estrategiko bat markatzeko.
Jarduera ekonomikoa eta merkataritza dinamizazioari dagokienez, partida batzuk errepikatu egingo dira, 2024an izandako arrakasta ikusita. Horietako bat, merkataritza-negozio berriak abian jartzeko laguntza izango da, pasaden urtean hiriko erdigunean jada martxan jarri zena; aurten, xede horretarako bideratutako zenbatekoa 375.000€-ra igoko da, eta hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da. Errepikatzen duen beste partida bat enpresa-hazitegietarako izango da, ekitea erabakitzen duten pertsonen lehen urratsak ahalbidetu eta errazteko. Hasierako partida 200.000 eurokoa izango da, baina beste 800.000 euro izango ditu konpromiso-kredituetan, proiektuei jarraipena ematen laguntzeko. Aipatutakoez gain, EH Bilduk 470.000 euroko neurri batzuk ere jarriko ditu martxan lehen sektorean ekoizpena, eraldaketa, merkaturatzea eta enplegua bultzatzeko, kontsumo jasangarriaren alde egiten duen plan berri batekin.
Trantsizio energetiko eta ekosozialari dagokionez, 600.000€-ko partida mantenduko da energia-komunitateen bidez eguzki-plakak martxan jartzeko, eta horrek, Gasteiz helburu horretara zenbateko handiena bideratzen duen udal gisa finkatuko du. Era berean, 1.000.000 euroko laguntza-lerroak irekiko dituzte deskarbonizazio-planak egiten dituzten enpresentzat, taxiak eta banaketa-ibilgailuak elektrifikatzeko, sektore ekonomiko eta komertzialean hondakinak murrizteko neurriak eta proiektuak bultzatzeko, eta udal aholkularitza energetikoko lanak hobetzeko eta indartzeko. Gainera, talde politikoaren beste lehentasunetako bat Tuvisan erabilera kopuruan oinarritutako deskontu-sistema iraunkor bat ezartzea izango da.
Azkenik, Gasteiz bizitzeko eta bizitzea merezi duen hiria izan dadin, EH Bilduk 440.000€ bideratuko ditu haurrentzako jolasetan eta espazio publikoan estalki berriak jartzera, 300.000€ baratze komunitario berri bat martxan jartzeko eta 125.000€ Zabalgana auzoko kirol ekipamenduen diseinua modu partaidetuan definitzeko. Halaber, 75.000€ inbertituko dira Gasteiz Euskararen Hiria jaieguna errepikatzeko, lehenengo edizioaren arrakasta ikusita; beste 75.000€ 2026an egingo den Martxoaren 3ko 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak programatzeko eta, azkenik, Otazuko Aterpearen erabilera posibleak zehaztuko dituen azterketa planteatuko dute.
EH Bilduk azaldu duenez, datorren asteazkenean akordioaren edukia Gasteizko militantziarekin partekatuko du, hilak 22, 19:00etan, bere bilgunean. Hitzordu horren helburua aurrekontu-akordioa batzarrean egitea izango da.