AKTUALITATEA


| 2019-10-16 13:57:00

EH Bilduk salatu du Madrilgo gobernuaren aurreikuspen faltak ahalbidetuko duela Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren hondakin erradioaktiboak hamarkadetan bertan biltegiratuko dela. Izan ere, eraispena 2032ra arte luzatuko da eta denboraldiko biltegiak orain aurreikusten diren 5 edukiontziak gorde beharrean, 49 gordeko ditu. Hau da, funtzionamenduan egon den bitartean sortu duen zabor nuklear gehiena, tartean 2.500 osagai nuklear – horietako asko aktibitate erradioaktibo altukoak- , bertan geldituko dira hurrengo hamarkadetan.

Betiko desagertua zela uste genuenean, Garoñaren mamua agertu zaigu berriro. Bada garaia Garoñaren behin betiko itxiera eta eraistea eskatzen duen aldarrikapen historikoari behingoz erantzun egoki bat emateko. Ez genuen zentral nuklearrik nahi eta ez dugu hilerri nuklearrik nahi. Aski da!” dio Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

Urteetako borroka eta aldarrien ondorioz lortu zuen Arabako gizarteak Zentral Nuklearraren behin betiko itxiera. Alabaina, Euskal Herria Bilduk Madrilgo gobernuaren aurreikuspen faltagatik eta mugitu ez delako, berriro ere gizartearengan ari dela erantzukizuna erortzen salatzen du, kasu honetan hilerri nuklearra saihesteko.

Halaber, gobernu espainolak Europako zentral nuklearrik zaharkituenaren eraispen prozesua serio hartu ez izana salatu du EH Bilduk, are gehiago, hondakinen kudeaketarako planik ez duenean gainera. Eta ez hori bakarrik, hondakinen kudeatzaile ofiziala den ENRESA enpresa publikoak ez du funts nahikorik hondakin nuklearren babes eta neutralizazio prozesu osoari aurre egiteko.

Gasteizko Udalbatza presatu nahi dugu Madrilgo gobernuari Garoñaren eraispena segituan eta atzerapenik gabe martxan jar dezan eta, era berean, ez dezan onartu lekua bera hilerri nuklear batean bilakatu dadin, horrek ekarriko lukeen osasunerako eta ingurugirorako kaltea saihestuz”, azaldu du Villalbak.

EH Bilduk prozesu bera jarrai dezaten eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari, hauek gobernu espainolari Garoñaren eraispena eska diezaioten eta, bide batez, martxan jar dezan hiruren arteko Instituzioarteko Mahaia. Azkenik, Añananako Kuadrillako berpizte ekonomikorako plana zehaztu eta abiatu dadin eskatzen du EH Bilduk.