AKTUALITATEA


| 2022-05-16 10:23:00

EH Bilduk hurrengo udalbatzarrean eskatuko du Sociedad Alta Velocidad Vitoria–Gasteiz Abiadura Handia SA osatzen duten erakundeei eska diezaiela Salburua eta Zabalganatik igarotzen den trenbidea lurperatzeko azterlan teknikoak eta lanak lehenbailehen has ditzatela. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, «Helburua Gasteiz osatzen duten auzo guztien ahalik eta hiri-integrazio onena bilatzea izan beharko litzateke, erabilgarri dauden tresna onenen bitartez. Horrek esan nahi du, Salburua eta Zabalganaren kasuan, bi auzoen hiri-konexioa eta -integrazioa hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren obra guztiak aztertu eta abian jarri behar direla, trenaren pasabidea lurperatzeko aukera barne».

Horrela, Salburua eta Zabalganako bizilagunek ahalik eta hiri-konexio eta -integrazio onena izateko duten eskubidea kontuan hartzea eskatuko dio EH Bilduk Udaleko osoko bilkurari, horretarako beharrezkoak diren obrak eginez, bi auzoetatik igarotzen
den trenaren trazadura lurperatzea baztertu gabe.

Ukaezina da lurperatze lanen konplexutasun tekniko eta ekonomiko handia. Orain har daitezkeen erabakiek, zalantzarik gabe, Gasteizko etorkizuna, hirigintzarena eta bertan bizi diren pertsonena baldintzatuko dute. Horregatik, orain jasotzen ez diren erabakiak etorkizunean berriz hartzea oso zaila izango da: egungo plangintzak orain Salburua eta Zabalganara lurperatzea luzatzeko aukera eta modua jasotzen ez baditu, etorkizunean ezinezkoa izan daiteke.

Gasteizko azken bi hamarkadetako garapen urbanistiko zentzugabeak paradoxa bat ekarri du: ia 50.000 pertsona bizi dira dagoeneko Salburuan eta Zabalganan. Gasteizko bi auzo berri biztanleria-gune garrantzitsu bihurtu dira, baina lurperatzeari buruzko plangintzak bigarren tokian uzten ditu argi eta garbi.
«Ezin dugu onartu Salburua eta Zabalganako bizilagunak bigarren mailako herritar gisa tratatzen jarraitzea. Konponbide bat behar dute, eta orain behar dute. Ezin da beste alde batera begiratzen jarraitu», adierazi du Gonzalezek.

Salburua eta Zabalgana auzoen tratamendu berezi hori azalduta geratu da lurperatu beharreko trazaduratik kanpo 3 kilometro inguru uzteko arrazoietan. Estatuko Gobernuaren arabera, trena Zabalganatik igarotzean lurperatzea «ez da beharrezkotzat jo hiri-integrazioaren aldetik». Hau da, erakundeek ez dute horretarako borondate politikorik, eta erabaki dute Zabalganako herritarrek ez dutela hiriguneko herritarrek duten begirune bera merezi. Salburuaren kasuan, trazadura Salburuako Bolevard kaletik haratago luzatzeko ezintasun teknikoa argudiatzen da.