AKTUALITATEA


| 2020-04-27 13:30:00

EH Bilduk 'Gasteizko kaleak ireki' ekimena aurkeztu du, bizikletaren erabilera sustatzeko, oinezkoentzako espaloiak zabaltzeko eta hiriko espazio publikoa berrantolatzeko. Ekimen horrek aukera emango lieke herritarrei espazioaz gozatzeko eta une honetan behar diren segurtasun-berme handienekin mugitzeko. Amancay Villalba EH Bilduko Gasteizko zinegotziak adierazi duenez, "Koronabirusak aldaketa handiak ekarri ditu mugikortasunaren arloan. Konfinamenduaren 'deseskalada' faseari aurre egiteko, hiriak espazio publikoa birpentsatu behar du, hiriko bizikleta-sarea indartuz eta espaloiak zabalduz, ibilgailu motordunentzako espazioaren kaltetan".

Denboraldi honetan, joan-etorrien kopuruak behera egin du, eta horietako askotan ingurune hurbilari eman zaio lehentasuna -hornidurak eskuratzeko joan-etorriak- eta garraio publikoen gaitasunak murriztu egin dira segurtasun-distantziak bermatzeagatik. Epe laburrean, erronka berriak ditugu mugikortasunaren arloan, osasun-neurriak betetzen jarraitu ahal izatea baimenduko digutenak eta ibilgailu pribatua ez sustatzeko. Testuinguru horretan, bizikleta garraio-modalitate ezin hobea da, eta EH Bilduk uste du sustatu egin behar dela.

Horretarako, hiriko garraio-eskema berrikustea proposatzen du EH Bilduk, eskema hori berrantolatzeko eta bizikletari lehentasuna emateko oraindik bizikletarik ez dagoen eta eskema horren barruan lehentasunezkoak diren kaleetan. Berrantolaketa hori Milanen, Bogotan, Berlinen eta Iruñean egiten ari dira, pandemian bidegorriak sustatzen ari baitira.

EH Bilduren ustez, bizikletaren erabilerarako espazioen indartze hori espaloien berregituraketa batekin ere osatu behar da. Bide publikoan pertsonak ez metatzeko jarraibideen, segurtasun-distantzien eta abarren ondorioz, 2,5 metro baino gutxiagoko zabalera duten espaloietan, semaforoetako itxaronguneetan, zebra-bideetan eta saltokietarako sarbideetan arazoak egongo lirateke betetzeko. Hori dela eta, EH Bilduko zinegotziaren ustez, "Beharrezkoa da espaloi horiek handitzeko aukera aztertzea, ibilgailu motordunentzako espazioaren kaltetan (galtzada, aparkalekua). Galtzadako sektoreak oinezkoen erabilerarako berreskuratzeak aukera emango luke, bai itxaronguneetan, bai igarobideetan, espaloien masifikazio posiblea arintzeko eta pertsonen arteko distantzia neurriak errazteko, espazio publikoaz gozatzea lehenestearekin batera".

Gasteizko kaleak Ireki’ ekimenak, gainera, abantaila ugari ditu; izan ere, jarduerak epe laburrean egin daitezke eta konponbideak ekar ditzakete, kostu ekonomiko txikiaren truke. Era berean, espaloiaren erabilera mistoa egiten zen kaleetan, horiek jendez husteko aukera ematen du, oinezkoei segurtasun-distantziak mantentzeko aukera emanez, eta, gainera, ez dira baztertzen pertsonen segurtasuna indartzen den kale batzuetan oinezkoentzako beste neurri batzuk.

Azken finean, jarduketa "bigunak" dira, eta behin-behinekoak izan daitezke, kale edo auzo bakoitzean horien egokitasuna neurtzeko; beharrezkoa izanez gero, aldaketa egokiak egin ahal izango lirateke behin betiko jarduketa bihurtu aurretik.

Konfinamendu-aldian, eta, hein handi batean, joan-etorrien murrizketengatik, hobetu egin dira zarataren eta airearen kalitatearen ingurumen-adierazleak. "'Gasteizko kaleak ireki'-k ere lagunduko luke kutsadura maila txikiagoei eusten, eta, aldi berean, birusaren aurkako erresilientzia gaitasun handiagoa duen populazioa izaten, airearen kalitate txarraren eta birusaren intzidentziaren arteko erlazioa agerian geratu baita", Villalbaren esanetan.

Gasteiz hiri erreferentea da iraunkortasunaren arloan, eta mugikortasun-eredua da haren oinarrietako bat. EH Bilduren ustez, gai horietan aitzindari den hiri batek pandemiari aurre egiteko aukera guztiak baliatu eta ustiatu behar ditu, eta ekimen honek baldintza horiek betetzen ditu.