AKTUALITATEA


| 2022-07-05 09:19:00

EH Bilduk mozioa helaraziko dio Gasteizko udalbatzari (uztailak 22), EAJ eta PSE Osakidetzako anbulatorioetan egiten ari diren murrizketen aurrean osasun sistema publikoa indartzeko eskatuz. «Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Eta guzti honen ondorioak herritarrek jasaten dituzte», ziurtatu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.


 

EH Bilduk adierazi du osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa oinarrizko eskubidea dela, eta EAJ eta PSE arriskuan jartzen ari direla. «Pandemian denok ikusi dugu zein garrantzitsua den kalitatezko Lehen Arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, kontrakoa egiten ari da Gobernua», adierazi du Viterok, eta EH Bilduk atzera egiteko eta egindako murrizketak lehengoratzeko udalbatzari mozioa helaraziko diola adierazi du, bai eta San Martingo EAG eta Santiago Ospitaleko Larrialdiak berriro irekitzeko ere.


Gainera, udan ezarri nahi diren murrizketen aurrean, EH Bilduk eskatu du ez daitezela gauzatu eta osasun zerbitzuak berma daitezela orduan eta urte osoan. Era berean, Lehen Arreta eskaintzen duten osasun-profesionalen kopurua handitzea eskatuko du EH Bilduk.


Azkenik, mediku egoiliarrak kontratatzeko eredua lehentasunez aldatzea eskatuko du, kontratu egonkorrak bermatuz eta lehen mailako arretan haien garapen profesionalerako ibilbide bat ahalbidetuz. Era berean, gainerako profesional sanitarioen kontratazio-baldintzak hobetzeko, Osakidetzan kontratazio-irizpideen aldaketa azter dadila, egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, Osakidetza erakargarriago egiteko eta indartzeko.


Sagarduiren «kultura berria»

Mozioa Gasteizko Udalean aurkeztuko den ildo beretik, EH Bilduren Arabako batzarkide taldeak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari interpelazioa egingo dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuak lehen mailako arretan «kultura berri» bati buruz egindako adierazpen polemikoen inguruan. EH Bilduk «oso larritzat» jo ditu adierazpen horiek, «onartezinak» izateaz gain, Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak adierazi duen bezala, «eufemismoa da, desegiteaz, murrizketez eta pribatizazioaz ez hitz egiteko».


Horrela, Fernandez de Pinedok diputatu nagusiari galdetuko dio ahaldun nagusiak sailburuaren proposamenaren aurrean hartuko duen jarreraz, bai eta Arabako landa-eremuko Lehen Arreta mantentzeko eta hobetzeko ekimen instituzionalak gauzatzeari buruz izan dezakeen asmoaz ere.