AKTUALITATEA


| 2024-10-22 08:50:00

EH Bildu udal taldeak bilera sorta bat hasi du turismo sektoreko eragileekin, sektoreak bizi duen errealitatea ezagutzeko eta, hortik abiatuta, sektorea dinamizatzeko eta sustatzeko estrategia bat lantzeko. Hogei bilera baino gehiago lotu ditu koalizioak, eta EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek azaldu duenez, estrategia hori lantzeko oinarri izango dira: «Turismoaren sektorea dinamizatzeko estrategia bat egin nahi dugu, eta horretarako sektoreko eragileekin hitz egin nahi dugu. Horregatik, bilera-sorta bat hasi dugu diagnostiko komun bat lantzeko, sektorearen errealitatea ezagutzeko eta, ondoren, haren erronketarako konponbideak lantzeko».


Horrela, EH Bilduk udalerriko errealitate turistikoa bertatik bertara ezagutzea du helburu, eta, aldi berean, eskaintzen dituen eta oraindik ustiatzeke dauden aukerak aztertzea. Hala ere, egia da errealitate turistikoa ez dela homogeneoa eta askotariko agertokiak dituela. Horregatik, EH Bilduko zinegotziak uste du egoeraren azterketa herrialde osoari arreta eskainiz egin behar dela. «Gure hiriko turismoa ezin da ulertu, aztertu edo sustatu herri hau bere osotasunean aztertu gabe. Hala ere, gure ustez, Gasteizko egoera ezin da gure inguruko beste hiri batzuekin alderatu, hala nola Donostiarekin, Bilborekin edo Iruñearekin».


Zentzu horretan, zinegotziak udalerriak dituen erronka batzuk azpimarratu ditu, hala nola, guen egonaldian gora egiten jarraitzea eta zenbaki onetan finkatzea, egun urteko batez besteko 2,08koa baita (2023ko datuak, Eustat). Gainera, garrantzitsutzat jotzen du gaua igarotzeaz gain, turismoa oro har desestazionalizatzea, turismoa udako hilabeteetan bakarrik ez kontzentratzeko.


EH Bilduk ere jasangarritsuna eta turismo arduratsua ardatz nagusi gisa mantentzearen garrantzia azpimarratu du. Hala, turismoaren helburuak honako hauek izango liratezke: natura-eremuak edo hiri-eremuak degradatuko ez dituen eredua sustatzea, eremu-tentsionatuak identifikatzea eta horien aurrean neurriak hartzea (Etxebizitza Legea aplikatzea), jarduera ekonomikoa modu deszentralizatuan eta desestazionalizatuan sortzea ahalbidetzea eta turismo-eskaintzan egun periferikoak diren eremuak eta errealitateak erdigunean jartzea. Salazarrek nabarmendu du ere ezinbestekoa dela turismo-eskaintza «euskal nortasunaren eta sektoreko langileen lan-eskubideak sustatzearen» inguruan egituratzea.