AKTUALITATEA


| 2021-11-17 10:50:00

EH Bilduk datorren osko bilkuran Gasteizko udalerrian komun publiko gehiago jartzea eskatuko du. Horretarako, udalerrian erabilgarri dauden komun publikoen mapa bat egitea eta ildo horretan dauden gabeziak antzematea eskatzen du, indentifikatuz, bai jende asko bertatik dabilelako, bai zerbitzuen faltagatik, zeintzuk diren komun publikoekin hornitu beharreko guneak. Era berean, komun publikoak izatearen garrantzia aitor dadin eskatzen du EH Bilduk, espazio publikoaren gozamenean berdintasuna bermatzeko biztanle-sektore guztientzat eta udalerriko eremu guztietako higiene- eta osasun-baldintzak bermatzeko.

Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, osasun publikoko gaia da,
«Komun publikorik ez egoteak espazio publikoan mugitzeko askatasuna murrizten du eta osasunari ere eragiten dio. Emakumeak, adinekoak, gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, haurrak, merkatari ibiltariak edota kalean bizi diren pertsonak, besteak beste, dira higiene-zerbitzu publikorik eza gehien pairatzen dutenak. Gure ustez, beharrezkoa da hiri-eredu integratzaile baterantz aurrera egitea, komun publikoak izango dituena eta herritarren beharrak asetuko dituena espazio pribatuen beharrik gabe».
 

Pertsona guztiek hiri espazioan komun publikoak modu errazean eskura izatea errealitate ezinbestekoa izan beharko litzateke, kontuan hartuta udal erakundearen ardura dela bizilagun guztien beharrak asetzea, eta kudeatzen dituen espazioetan osasungarritasun baldintzak betetzen direla bermatzea. Pertsona guztientzako oinarrizko zerbitzua izan arren, espazio publikoan komunak eskuragarri jartzeak oso presentzia urria izan du beti hiri espazioaren garapenerako agendan.


Egiaztatu daiteke Gasteizko hainbat zonaldetan ez dagoela komun publikorik, eta egoera horrek zonalde horiek hondatzen ditu, bai estetikoki bai higiene ikuspuntu batetik, gertatzen delako sarritan bide publikoak komun bezala erabiltzen direla, horrek dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin bertan bizi, ibili edo lan egiten duten pertsonentzako. Baditugu komun publikoak gizarte-etxeetan, eta hiritar guztientzako ateak zabalik dituzten beste udal espazio batzuetan, baina ordu eta zonalde batzuetan, gutxiegi da eskaintza. Alde Zaharra eta Zabalgunea bera horren erakusle dira, bereziki gaueko aisialdiarekin lotura duten esparruetan, edota Eraztun Berdea, geroz eta bisitari gehiago dituena eta turismoa erakartzeko elementu ezinbestekoa dena udalerrian, eta non ez dagoen martxan ezta komun publiko bat bera ere ez.