AKTUALITATEA


| 2021-06-02 10:23:00

EH Bilduk mozio bat eramango du datorren osoko bilkurara, Gasteizko kaleetan eskean aritzen diren pertsonen pobrezia egoerak konpontzeko neurri eta ekintza zehatzak eskatzeko. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziaren esanetan, eskeko praktika horiek "pobrezia eta zaurgarritasun sozialeko egoerak ezkutatzen dituzte askotan". Hori dela eta, eskean kalean dauden pertsonen azterketa bat egitea eskatu du zinegotziak, izan ere, "horrela bakarrik ezagutu ahal izango dugu haien benetako egoera, zenbat jendez ari garen hizketan Gasteizen, eta irtenbide eraginkor bat eman praktika eta egoera pertsonal mota horiek iraultzeko".


Duela bost urte, Gasteizko Udalak azterlan bat eta ondorengo proiektu bat egin zituen, kaleetan eskatzen ari ziren pertsonak duintzeko eta ikustarazteko. Ikerketa horren arabera, 50 pertsona inguru zeuden egoera horretan. Ikerketa hura egin eta bost urtera, eta egoera horri erantzuteko, EH Bilduk pobrezia-egoera leheneratzeko laguntza-plan bat egitea eskatu du. Udal baliabideak ezagutzeko plan bat, behar duten pertsonek baliabide horietara jo ahal izan dezaten. Pertsona horiei bizi duten pobrezia-egoeratik ateratzen lagunduko dieten laguntza eta alternatibak eskaintzea da helburua.


Era berean, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela elkarlana egitea herritarrak kontzientziatzeko eskean aritzen diren pertsonek bizi duten egoeraren atzean dagoen errealitateaz, askotan. "Inor ez dabil eskean gustuko duelako, eskean dabilenak premiagatik egiten du. Eta jakin behar dugu, gizarte gisa, praktika horien atzean, askotan, pobrezia-egoera pertsonalak eta gizarte-zaurgarritasuneko egoerak ezkutatzen direla".