AKTUALITATEA


| 2021-06-24 12:20:00

Hiriaren Eztabaidaren lehen saioaren eta alkataearen hitzartzearen ostean, EH Bilduk uste du udalerri honek ezin duela gobernuak eraman duen zulo horretan jarraitu eta ezinbestekoa dela «Gasteiz ekonomikoki eta sozialki suspertzeko bultzada publikoa». Gasteizko EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezek, bulkada hori eskatzeaz gain, adierazi du: «gobernuaren ekite ezak Gasteiz zulo batean sartuta dauka, proiektu berdinak aurkezten jarraitzen dute baina ez dira hauek burutzeko gai. Eta etorkizuneko erronkei, iraganeko formula kontserbadoreekin begiratzen diete. Irteerari begirako momentu erabakigarri batean gaude, ezinbestekoa da sektore publikoaren bulkada mantentzeko apustu irmoa egitea».

 

Felix Gonzalezek deitoratu du gobernu hau pandemiak eskatzen zuenari erantzunak emateko ez dela gai izan, izan ere, «herritarrek laguntza eta bulkadak eskatu dituzte sektore publikotik, baina EAJren eta PSEren gobernuak eskuko frenoa bota du, justuki azeleragailua zapaldu behar zenean». EH Bilduk «oso kezkagarritzat» jo du Gasteiz ekonomikoki eta sozialki suspertzeko bultzada falta eta EAJri eta PSEri aldebakarrez jarduteari utz diezaiotela eskatu die. Gozalezek ziurtatu du aurrekaririk gabeko krisi honetatik ateratzeko elkarlana ezinbestekoa dela, estrategia partekatuak, edukiz beteak eta interes orokorra lehenesten dutena.

 

EH Bildu akordioak erdiesteko prest dago, baita iraganeko inertziak alboratu eta norabide aldaketa ahalbidetuko duten adostasunetara iristeko ere, alderdien arteko adostasunak lortzeko eta hiritarren parte hartzearekin egiteko. Baina, Gonzalezek adierazi bezala «akordio hutsek ez dute balio, edukiz beteriko akordioak izan behar dute, oraindik ere ditugun erronken aurrean politika eraldatzaileak martxan jarriko dituztenak, hala nola, trantsizio energetikoa, zainztak, mugikortasun jasangarria edo eraldaketa industriala».