EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio Bilbo/Gasteizko garraio publiko erregularreko zerbitzu bateratuaren kudeaketa kooperatiborako hitzarmenari. Horietan, Bilboko, Leioako, Ezkerraldea eta Eskuinaldeko lineak eta Forondako eta Loiuko aireportuekin lotzen duen linea Gasteizko autobus geltoki intermodalean hastea eta amaitzea eskatzen du koalizioak. Izan ere, 20.000 autobus inguruk zeharkatzen dute urtero Gasteizko hirigunea, urtean 76.000km baino gehiago metatuz. Hori guztia, trafiko hori eta galtzadetan duen eragin negatiboa bere gain hartzeko prestatuta ez dagoen hirigunean.
Helburua Gasteizen trafikoa arintzea da, autobus horiek hirigunetik igaro ez daitezen. Hala ere, EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezek, beste garraiobide batzuk erabili behar izateak erabiltzaileentzat nolabaiteko gastua ekar dezakeela jakinda, «garraio horien erabilera sustatzeko tarifa neurriak eta neurri operatiboak» eskatu ditu, «erabiltzaileentzat gehiegizko gastua suposa ez dezan».
Gasteizko autobus-geltoki berriaren eraikuntzak 30 milioi euroko inbertsioa ekarri zuen, eta intermodalitatean aurrerapausoa izan zen. Kokapenaren arrazoietako bat zen, hain zuzen ere, hiriguneko sarreratik/irteeratik gertu zegoela, eta, beraz, egunero udalerrian zehar ehunka autobus ibiltzea saihesten zela.
Intermodalitateari dagokionez, geltokiak tranbia-geltoki bat du ia sarreran, udalerriaren erdigunearekin eta unibertsitate kanpusarekin lotzeko, eta gutxibarru, baita Salburuarekin ere. Era berean, BEI-ak hiriko beste toki batzuekin konektatzeko aukera ematen du, 7 minutuko maiztasunarekin. Horrez gain, TUVISAren 4. eta 8. lineek ere geltokia dute autobus geltokiaren aurrean. Azken finean, «hiriko beste puntu batzuekiko konektibitatea erabat bermatuta dago, eta aukera hori baliatu behar da autobus horiek erdigunetik ateratzeko eta trafikoa arintzeko».
Ildo berean, EH Bilduk galderak egin ditu gaur Arabako Batzar Nagusietako Kontroleko Osoko Bilkuran. Zehazki, Iñaki Ullibarri batzarkideak Mugikortasuneko diputatuari galdetu dio ea zergatik aurkeztu behar ziren alegazioak Bizkaiko Foru Aldundian, Arabakoan ezin baitzen halakorik egin. Kontuan hartuta emakida bateratua dela, Ullibarrik esan du ez dela ulergarria alegazioak soilik Bizkaian aurkeztu ahal izatea. Halaber, Ullibarrik galdetu du ea nola konponduko diren alegazioak ebaztean bi diputazioen artean gerta daitezkeen desadostasunak.