Covid-19 gaixotasunaren pandemiak hasiera batean mugikortasuna ia guztiz gelditu bazuen ere, gerora martxan jarritako deseskalatze prozesu mailakatuak bestelako ondorioak ekarri ditu mugikortasunaren arloan. Izan ere, pandemia gogor jotzen ari da garraio publikoan: hasiera bateko geldialdiaren ondorioz garraio publikoaren defizit ekonomikoa areagotu da, jarduera arruntari eusteko gastuarekin batera, diru-sarrerak asko murriztu egin direlako; gerora, inbertsio berriak egin behar izan dira, eta hartutako osasun neurriek ere haren erabilera baldintzatu dute neurri handi batean; izan ere, gaur egun oraindik ere ohiko erabilera ratioetatik oso urrun gaude Gasteizen, eta ez dirudi epe motzean eta erraz berreskuratuko dituztela pandemiaren aurretik zeuden datu onak.
Hori dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Gasteizko Udalaren hurrengo osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari garraio publikoaren defizita arintzeko funts ekonomiko berezi bat eskatzeko. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "garraio publikoa gizarte orekan laguntzen duten elementu nagusietako bat da; horregatik, etorkizunerako inbertsio estrategikoez gain, garraio publikoa berehala 'erreskatatu' behar da". Erreskate hori, EH Bilduren arabera, 40 milioi euro ingurukoa izan daiteke.
Gasteizko hiri garraioa kudeatzen duen Tuvisa enpresa publikoak bere defizita 4 milioi eurotan handitzea aurreikusten du koronabirusaren krisiaren erruz. Kontuan hartu behar da autobus erabilera %5eraino hondoratu zela alarma egoeraren hastapenetan, eta maiatzaren bukaeran oraindik %14an zegoela, ematen den autobus zerbitzua %53ra igo den bitartean. Gogoratu ere egin behar da enpresa horren diru-sarreren %40 bakarrik lortzen dela berezko jardueragatik, eta beste %60a udal aurrekontutik datorrela.
EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak arlo honetan ere bere erantzukizunari heldu behar dio; batetik, EAEko instituzio nagusia izateaz gain, EAEko Garraioaren Agintaritzako burua ere badelako; bestetik, badelako garaia onartzeko gizarteari oreka soziala eskaintzen dioten funtsezko elementuetako bat badela garraio publikoa.
Euskal Herriak eta Gasteizek behar duten mugikortasun eredu berrian ezinbestekoa da inbertsio publiko handiak egitea, eta horretarako ahalegin handiena baliabide ekonomiko handiagoa daukaten erakundeek egin behar dute, hots, EAEren eremuan Eusko Jaurlaritzak. Datozen urteetan egin beharreko inbertsio estrategikoez gain, ahalegin horrek oraintxe bertan gauzatu beharreko garraio publikoaren urgentziazko «erreskatea» ere eskatzen du: batetik, baldintzarik onenetan zerbitzuari eusteko, hau da, krisiaren ondorioz horren kalitatea narriatu ez dadin; baina, baita sektoreko langileen lan baldintza duinak zaintzeko ere, prekarizazioa, ERTEak eta kaleratzeak eragozteko.
EH Bilduk mozio hau datorren Gasteizko udal osoko bilkuran aurkezteaz gain, Arabako Batzar nagusietako hurrengo osoko bilkuran ere aurkeztu du, bere batzarkide taldearen bitartez.
Rocio Vitero: "Enpresa energetikoen tasa berria urrats berri bat da gehien dutenek zerga gehiago ordain ditzaten. Ez gaitu harritzen Red Eléctricak helegitea jarri izanak eta konpainia handiek euren estatusa mantendu nahi izanak, baina, horregatik zehazki, tasaren defentsan jarraitu behar da. Gasteizek herrialde osorako tasaren defentsaren eredu izan behar du".
Felix Gonzalez: "Gezurra da guk ez dugula eztabaidatu nahi izan, gezurra da ez dugula negoziatu nahi izan, izan ere, guk eskaini diogu akordioa gobernuari. EH Bilduren ustez, mugikortasuna funtsezko elementua da, eta arlo honetan akordioak lortzeko beharraren alde egiten jarraitzen dugu".
Felix Gonzalez: "Udal gobernua prest badago bizikleta mugikortasunean eta segurtasunean inbertsioak egiteko bide orri bat adosteko eta '30 Hiria' martxan jartzeko, ordenantzaren tramitazioan urratsak eman ahal izango ditugu. Urtaranen esku dago zuzentzea eta akordioak lortzea"
Felix Gonzalez: "Aldaketa generikoek edukiz husten dute Plan Orokorra, eta Gasteizko hirigintza antolamendurako tresnak eta aukerak kentzen dituzte. Kezkagarria da EAJk eta PSEk egungo HAPOa ahultzeko duten joera, honen eguneratzea behin eta berriz atzeratzen den bitartean".