AKTUALITATEA


| 2022-01-25 10:23:00

Ezagutu berri izan da Gasteizko Udalak 2.486,1 milioi euro jasoko dituela Arabako Foru Aldunditik, FOFELen likidazio bidez. Bilketa «errekorra» da, aurreko urtean (2020) baino %13,1 handiagoa, eta EH Bilduk funts horien erabilera kudeaketa partekatu baten bidez erabakitzea eskatzen du. Hala, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak argitu du eskaera hori egingo dutela ostiraleko udalbatzarrean egingo duten mozioaren bidez, eta honako hau ziurtatu du: «Arabako eta Gasteizko herritarren zerga ahaleginetik eta jardueratik ateratzen den dirua dela azpimarratzea komeni da, eta politika publikoak sostegatzeko eta indartzeko balio behar duela, ongizaterako zutabe funtsezko eta ezinbesteko bat, berriro ere pandemiak agerian utzi duen bezala. Hortaz, funts horien kudeaketa partekatua izan behar du».

 

Diru horrek balio du, gainera, udal honek dituen eskumen propioak garatzeko eta herritarrek dituzten beharrak eta eskaerak asetzeko. Zerga bidezko diru bilketaren datu horrek are eta garrantzi handiagoa hartuko du alderatzen badugu 2021. urterako aurreikusi zenearekin. Hain zuzen ere, aurreikusi baino 226 milioi euro gehiago jaso ditu Arabako ogasunaren kutxak. Gogoan izan herrialdeko erakunde publiko guztiek, Gasteizko Udala horien artean, hasierako aurreikuspen hori erabiltzen dutela euren aurrekontuak diseinatzerakoan eta prestatzerakoan. Azken finean, aurreikusitakoaren gainetik geratuko den aldeko likidazio horri esker, erakunde guztiek hasiera batean uste baino diru gehiago izango dute eskura.

 

Erabaki hauek eta zenbatekoak modu ofizialean zehaztuko dira, lehenik eta behin, otsailaren erdialdean egingo den Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran, eta, Arabari dagokionez, horri jarraituz egin beharreko Arabako Toki Administrazio eta Finantzen Lurralde Kontseiluan (CETALFA) ezarriko dira. Azken bilera horretan finkatuko da herrialdeko toki erakunde bakoitzari zenbat diru dagokion likidaziotik. Joan den urteko urrian bi organoek egindako bileretan argitaratu ziren datuen arabera, aurreikuspena zen Gasteizko Udalak 18 milioi euro gehiago jasoko zituela FOFELetik. Aldiz, orain, bilketaren itxiera datuek aurreikuspen hori handitzen eta indartzen du, kontuan hartuta Arabako bilketa osoaren itxiera joan den urrian aurreikusi zena baino 42 milioi handiagoa izango dela.

 

Udazkeneko aurrekontu eztabaidaren joanean, EH Bilduk azpimarratu zuen Fofelen likidazioaren diru hau gasteiztar ororena dela, Arabako ogasunaren aurrean dituzten betebeharrak betetzen dituztenak. Ez da onargarria EAJk eta PSEk, euren kabuz erabakitzea herritar guztienak diren funts batzuen erabilera. Pandemia bati erantzun behar izateak jarri dizkigun baldintzetatik haratago, etorkizunera begira Gasteizek dituen erronkei heltzeko une erabakigarria da: eraldaketa ekonomikoak, trantsizio ekologikoak, populazioaren zahartzeak eskatzen digun politika sozialen indartzeak, edota espazio publikoaren eta sozialaren modernizazioak, besteak beste, horiei aurre egiteko urrats argiak egitea exijitzen digute.

 

Hori dela eta, nahitaezkoa da eskura ditugun baliabide ekonomiko guztiak baliatzea, eta horien artean daude Fofel funtsetik jaso ditzakegunak. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk mozio hau aurkeztuko du ostiraleko osoko bilkuran, martxan jar dadin lantalde bat edo eztabaida eta topaketa gune bat gainontzeko udal taldeekin, Fofel-en 2021. urteko likidaziotik etorriko diren funtsen erabilera modu partekatuan definitzeko eta adosteko.