AKTUALITATEA


| 2024-06-13 09:07:00

EH Bilduk, ekainaren 21ean egingo duen hurrengo osoko bilkuran, Vitoria-Gasteiz Film Office indartzea proposatuko du, Gasteiz eta Araba filmazioen eszenatoki gisa aukeratzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpenei laguntza egokia eman ahal izateko. Zentzu horretan, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak kultur sorkuntzaren sektore osoari eta, zehazki, ikus-entzunezkoei laguntzeko beharra azpimarratu du. «EH Bildutik uste dugu ezinbestekoa dela kultur sorkuntza babestea, eta, zehatzago, eduki horren sortzaileak. Talentua badago eta lan egin behar dugu erakundeak sektoreak behar duen laguntza eman dezan. Ukaezina da EH Bilduk kultur sorkuntzarekin duen konpromisoa. Baina orain, Udala ere ikus-entzunezkoen sektorearekin elkarlanean aritzea nahi dugu, Gasteiz eduki kulturala duten sortzaileentzat erreferentziazko hiria izan dadin», adierazi du Viterok.

Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du 2023an Araban bost film luze eta hamar film labur filmatu zirela Film Office-
ean. Orain, gero eta gehiago izatea nahi dutela ziurtatu du: «Foru arau berriaren sarrerarekin ekoizpen kopuruak gora egitea espero da. Horregatik, Film Office-a indartu nahi dugu, bertako kudeaketak erraztuz eta Gasteiz eta Araba toki erakargarriagoak izan daitezen ikus-entzunezkoen sektorearentzat», esan du.

Hain zuzen ere, foru-arau berri hori aurtengo maiatzaren 22an onartu zen Arabako Batzar Nagusietan, eta kultura sustatzeko zerga-pizgarriak eguneratu eta zabaldu zituen. Foru arau horrek ikus-entzunezko ekoizpenak bultzatzea aurreikusten du, gure lurraldera proiektu berriak erakarriz eta Araba Europa mailan erreferentzia gisa kokatuz. Hala ere, EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek ziurtatu du horretarako beharrezkoa dela Gasteizen Film Office indartsu bat izatea erronka berri honen mailara egongo dena: «Film Office-a zerbitzu publikoa eta doakoa da, eta gure udalerria bere filmaketen agertoki gisa aukeratzen dtuen ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzea eta babestea du helburu. Baina, gainera, Arabako ikus-entzunezkoen industria babesteko eta bultzatzeko tresnarik onena da. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da zerbitzu hori indartzea. Izan ere, Film Office-a babestea tokiko ikus-entzunezko industria babestea da, eta, ondorioz, kultura eta kultur sorkuntza babestea ere».