AKTUALITATEA


| 2019-12-02 09:17:00

EH Bilduk ez du Euskararen Egunerako EUDELek proposatutako Adierazpen Instituzionala sinatuko. Hori egiten du, hain zuzen ere, gure hizkuntzarekin duen konpromiso sendoagatik eta koherentziagatik; izan ere, EH Bilduk uko egiten dio adierazpen polit eta hutsala sinatzeari egunez egun euskara desprestigiatzen eta erasotzen dutenekin.

Euskal Herria Bildutik ezinbestekotzat jotzen da euskararen sustapenari eta normalizazioari begira konpromisoak hartzea. Horregatik, Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzional batek jaso beharko luke, beste proposamen batzuen artean, erakundeek euskara lehentasunez erabiltzea herritarrei komunikazio ofizialetan eta beste erakunde batzuetara jotzerako orduan.

Azken asteetan, ordea, Alderdi Popularrak agerraldia egin du neurri hori salatzeko eta hizkuntza-askatasunen aurkako erasotzat jotzeko. Are gehiago, PPk mozio bat eramango du hurrengo Gasteizko osoko bilkurara, eta, bertan, "aho batez" gaitzetsi nahi dute Eusko Jaurlaritzak euskarari buruz duen dekretu berria. Adierazpena asmo onez eginda dago, hobetzea posible den arren. Edonola ere, EH Bilduk ez du testu hori irakurriko geure hiritarren hizkuntz eskubideak murriztu eta mugatu nahi dituztenenekin batera.

EH Bilduren bozeramailea den Miren Larrionek adierazi du, “euskararekiko gehitzeak baino ez du balio, bada garaia gure hizkuntza defendatzeko eta euskara eta euskaldunon eskubideak erasotzen dituztenei aurre egiteko. Horregatik ez dugu Alderdi Popularraren irudia txurituko Adierazpen Instituzional honekin”.