AKTUALITATEA


| 2024-04-03 09:25:00

EH Bilduk Maria Nanclares Euskara zinegotziaren agerraldia eskatu du apirilaren 9ko batzordean, Gasteiz Antzokiaren egoera argitzeko. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak esan duenez, «benetan kezkatuta gaude Gasteiz Antzokiaren proiektuaren egoerarekin. Ekainean bi urte beteko dira EAJk eta PSEk Ruiz de Bergara jauregia laster martxan jarriko zela ziurtatu zutenetik. Baina egia esan, ez da horrela izan eta Euskararen Etxeak ezin izan du jarduerarik eskaini, ezta bere lana bertan egin ere. Euskararen Etxearekin baldintza onenetan aurrera egitea ahalbidetzen duen edozein akordio babestuko du EH Bilduk, beti ere, Gasteiz Antzokiaren proiektu historikoa errespetatuz eta horri jarraipena emanez, eta sustatzaileen eta euskalgintzaren babesa izanez».

2022ko ekainaren 30ean amaitu zen Oihaneder Jauregian Euskararen Etxearen jarduera, eta, une hartan, EAJ-PSEren gobernuak ziurtatu zuen proiektuak "laster" izango zuela behin betiko lekua Ruiz
de Bergara jauregian. «20 hilabete igaro dira, eta Euskararen Etxeak ezin du jarduerarik eskaini, ezta bere lana egin ere. Norena da erantzukizuna? Jakina, proiektuarentzako eraikin berri bat eskaini eta oraindik bere hitza bete ez duenarenan . Hau da, PSE eta EAJren udal gobernuarena», adierazi du Viterok.

2022ko urrian, EAJk ziurtatu zuen lanak amaituta zeudela, eta "asteetan" lizitazio guztiak prest egongo zirela, baina beste behin, ez zen bete, eta gaur egun oraindik ez dira lizitatu programazioa gauzatzeko beharrezkoak diren ekipamendu teknikoak, eta oraindik ez dute irekiera-datarik eman.
«Era berean, ez zaie aukerarik eskaini beren lana egin ahal izateko. Gasteiz Antzokiaren irekierarekin ez betetzeak eta atzerapenek, espazioaren kudeaketaz arduratzen den elkartearen -Lazarraga Elkartea- egoera jasanezina ekarri dute». Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta hasieratik bultzatu du euskararekiko eta euskarazko kulturarekiko duen konpromisoa eta maitasuna. Elkarteak bere funtzioa betetzen du eta bete nahi du, baina oztopo gaindiezina du: Udalaren ez betetzea, ez baitie eraikin amaitu eta funtzional bat utzi.

«Euskararen Etxea bezalako proiektu ilusionagarri bat egoera honetan egotea tamalgarria da, baina saiatuko gara proiektu hau gauza dadin sustatzaileak ondoan daudela bermatuz. Gobernuari eskatzen diogu Lazarraga elkartearekin hitz egin dezala, metatutako atzerapenaren erantzukizuna bere gain hartzeko eta elkartea are gehiago itoko ez duen irtenbide bat eskaintzeko akordio batera iristeko. Bada garaia proiektu honi behingoz lehentasuna eta ziurtasunak emateko eta euskalgintzaren sektorearen eskaerari erantzuteko», ziurtatu du Viterok.