EH Bilduk Etxegabetzeen Prebentziorako Bulego berri bat sortzea helburu duen proposamena aurkeztu du, «etxebizitzaren arazoaren ondoriorik larriena eta traumatikoena» saihesteko. EH Bilduk azaldu duenez, gune fisiko bat izango litzateke, eta honek informatzeko, aholkuak emateko eta arriskuan dauden herritarrei laguntzeko balioko luke, horrela, etxebizitzaren galera saihesteko. Espazioaren beharraren zergatia ere azpimarratu nahi izan dute; izan ere, etxebizitzaren merkatuko prezio altuek, lan-prekarietateak eta soldata baxuek etengabe zailtzen dute etxe bat eskuratzea, eta, aldi berean, etxea galtzea errazten dute. Horregatik, talde politikoak etxegabetzeak eta horien ondorioak minimizatzeko tresnak izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, beste Udal batzuetan egiten duten bezala.
EH Bilduk beste udalerri batzuetan aurrera eraman dituzten antzeko neurriak azaldu ditu, Etxegabetzeen Prebentziorako Bulegoaren sorreran erreferentzia izan daitezkeenak. Iruñean, adibidez, 2016az geroztik Etxebizitza Bulego bat dute, Ordenantza Arautzaile bat bizitoki-larrialdiko egoeretarako udal-etxebizitzak eskuratzeko eta erabiltzeko, baita berariazko baliabide bat ere etxegabetze-prozesuak prebenitzeko; Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoa (OFIMEH). Eh Bilduk azaldu duen beste adibide bat Bilbokoa izan da, izan ere, Bilbon, berriki, 2024ko azaroan, etxebizitza-zerbitzu guztiak Etxebizitza Bulego bakar batean zentralizatzea erabaki zuten; besteak beste, etxegabetzeen eta gainzorpetzeen kasuei erantzuteko.
Xabier Ruiz de Larramendik, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez «etxebizitzarena arazo orokorra da, eta Gasteiz ez da salbuespena; Etxebiden izena eman duten pertsonek gora egiten dute etengabe, eta zifra maximo historikoetan dago jada».
Gainera, azaldu duenez, «etxebizitza duin bat eskuratzeko apustu argia eta irmoa egiteko, etxegabetzeak modu eraginkorrean prebenitu eta saihestu behar dira».
Gainera, EH Bilduk proposamenaren arrakastan konfiantza duela argitu du ere; izan ere, agintaldiaren erdia igaro den arren eta orain arte Bulego hau sortzeko urratsik egin ez den arren, Udal Gobernuak aukera hori bere Gobernu Programan aurreikusi zuen, egungo gabeziaren jakitun.