AKTUALITATEA


| 2021-09-08 10:52:00

EH Bilduk hurrengo udal osoko bilkuran eskatuko du Gasteizko Udalak bere gain har ditzala Etxebizitzaren Legeak (3/2015) eta 149/2021 Dekretuak esleitzen dizkioten funtzioak, hutsik dauden etxebizitzak zergapetzeko kanon bat aplikatzeko eta horretarako udal-egituran beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak horni ditzala. Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizen duen bozeramaileak adierazi duenez, udalak legez eska daitezkeen urrats eta izapide guztiak egin behar ditu etxebizitza hutsen prozidemenduari eta deklarazioari hasiera eman ahal izateko, betiere Arauak izendapen horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

 

EH Bilduk behin eta berriz salatu du Urtaranen gobernuak ez duela etxebizitza-politikarik egin eta ez duela borondaterik arlo horretan Udalak dituen tresnak garatzeko. Horregatik, Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi du, «EAJri aitzakiak amaitu zaizkio. OHZ-n etxebizitza hutsei gainordaina ezartzeko beharrezko babesa Foru Arauak ematen bazion ere, orain, gainera, etxebizitza hutsei buruzko 149/2021 Dekretua argitaratu berri da, etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko. Ez dago aitzakiarik, borondate politiko kontua da eta, gainera, legeak ezartzen du».

 

Azken urteotan, bai EAJk, bai PSEk (gobernu kideak) ez dute onartu ordenantza fiskalen eztabaidan EH Bilduk proposatutako aukera, hau da, OHZ-n etxebizitza hutsei gainordaina ezartzea. Aukera hori Foru Arauak babesten du, eta dagoeneko egin da inguruko hiriburuetan, Bilbon edo Donostian, besteak beste. Baina, gainera, kontrako jarrera agertu izanaren aukera bera Etxebizitzaren Legeak etxebizitzen funtzio sozialari buruz ezartzen duenaren kontra doa.

 

Horrez gain, udalerrian dauden “etxebizitza-eskari eta -premia egiaztatuko eremuak” deklaratzeko dauden dosierrei hasiera emateko behar den informazioa biltzeko azterlanak egin ditzan eskatuko du EH Bilduk datorren udal osoko bilkuran.