EH Bilduk salatu duenez, legeak babestutako eskubidea izan arren, ez zaio erantzuten ari etxebizitza duin eta eskuragarriaren behar gero eta handiagoari. Salaketa hori gaur goizean egin da Santa Barbara plazan, "Etxebizitza ez da jokoa" lelopean Monopoly joklas ezagunean oinarritutako mobilizazio-dinamika baten bidez.
Ildo horretan, Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak Gasteizen bizi den egoera larria azpimarratu du, eta Udalak egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko garaia dela ziurtatu du. «Etxebizitzarako eskubidea legez aitortuta dago, eta, hala ere, ez zaie milaka pertsonari bermatzen. Bada garaia Udalak bere eskumen guztiak gauza ditzan eta gaiari osotasunean eta lehentasun gisa helduko dion etxebizitza-politika bat abiatzeko», adierazi du.
Izan ere, Etxebizitzaren Udal Behatokiaren arabera, alokairuaren batez besteko prezioa 1.200€-tik gorakoa da, eta etxebizitzen eskaintza oso mugatua da: 58 etxebizitza baino ez hiri osoan. Gainera, 14.500 pertsonak baino gehiagok eskatzen dute alokairu babestua Gasteizen, eta gutxienez 7.800 etxebizitza huts daude, non ez dagoen inor erroldatuta.
Horren ondorioz, Ruiz de Larramendik adierazi duenez, «milaka pertsonak ezin dute etxebizitza bat eskuratu, eta beste hainbatek diru-sarrera gehienak etxebizitza ordaintzeko erabili behar dituzte. Hori gutxi balitz, egoera horrek gazte-belaunaldi oso baten bizi-proiektuak baldintzatzen ditu, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte ingurukoa baita, Europako altuenetakoa».
Arazo horren aurrean, EH Bilduk erakundeek eskura dituzten tresna guztiekin jardun behar dutela defendatzen du. Hala egiten ari da EH Bildu gobernatzen duen udalerrietan, hala nola Azpeitian, etxebizitza hutsei kanon bat ezarri dienean, edo Errenterian, non eremu tentsionatuen izendapena egin duten.
Baina Gasteizen, EH Bilduk ekimen interesgarriak abiaraztea ere lortu du, hala nola, OHZren errekargua etxebizitza hutsei edo Alde Zaharrean etxebizitzak eraikitzea gazteentzako alokairu sozialera bideratzeko. «Norabide horretan eman ditugu lehen urratsak, baina egoeraren larritasunak askoz gehiago egitea eskatzen digu. Bada garaia Udalak dituen eskumen guztiak gauzatzeko eta udal etxebizitza politika bat abian jartzeko; gaia bere osotasunean eta lehentasun gisa jorratzeko, eta ez neurri isolatuekin», amaitu du Ruiz de Larramendik.