AKTUALITATEA


| 2022-12-12 10:03:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Gasteizko herritarrek jasotzen dituzten garraio publikoko %50eko deskontuak 2023an luzatzea eskatuko dute datorren udalbatzan. Eguneroko joan-etorriek eragindako kostua murrizteko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko ezarri zen neurri hori, hain zuzen ere, inflazio ikaragarri batek herritarren ekonomian eragin negatiboa eta zuzena duen egoera batean. Egoerak hobera egin ez duela iritzita, hobari hori luzatzea eskatzen dute alderdiek, 6 hilabetera berrikus daitekeena, egoera aldatu den edo ez aztertzeko.

«Egoera orokor horrek eragin larriagoa du zaurgarritasun sozial eta ekonomikoko egoeran dauden pertsonengan. Hain zuzen ere, pertsona horiengan pentsatuz, hobariei eusteko proposamena helarazi nahi dugu, herritarrak okerren pasatzen ari direnean erakundeak ahalegin handiena egin behar duelako. Gasteiztarren ongizatea bermatu eta babes soziala handitu behar dugu», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

Ildo beretik, Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemoseko zinegotziak adierazi duenez, «ekimen honen bidez, inflazio historikoko garai honetan, familien ekonomia babestu nahi dugu, batez ere zigortuenena. Aurrera egin behar dugu erakunde guztien artean, Udalaren, Aldundien eta Eusko Legebiltzarraren artean, etorkizun hurbilean tarifa-sistema egokiagoa lortzeko. Iristen den bitartean, proposatzen dugun neurri hori erabilgarria izango da, bi zentzutan, lehenengoa, pertsonek eguneroko joan-etorrietan egiten duten gastua arintzeko, eta, bigarrena, joan-etorri horiek garraio publiko kolektiboan egiteko eta, horrela, emisio kutsatzaileak murrizteko».

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, abenduaren 16ko osoko bilkurara eramango duten mozioaren bidez, Euskadiko Garraio Agintaritza EAEko operadore publiko guztiei garraio tarifen prezioan beherapen progresiboen sistema indarrean jartzeko konpromisoa har dezatela eskatuko diete, erabileraren eta egoera pertsonalaren arabera eta, gainera, kontuan hartuko duena pertsona edo familia unitate onuradunen errenta kontuan hartuta. Era berean, neurri horiek batera finantzatzeko akordio bat lortu behar dela uste dute, ezartzen diren ratioetan.