AKTUALITATEA


| 2020-06-16 11:37:00

 

EH Bilduren ustez, erabakigarria da krisi garai honetatik Gasteiz zein norabidetan aterako den zehaztea. Irtenbide horri ahalik eta ondoen aurre egiteko, Jaiki Gasteiz larrialdi-planaren bigarren zatia aurkeztu du EH Bilduk, non trantsizio ekologikoan, mugikortasun iraunkorrean eta eraldaketa digitalean aurrera egiteko irtenbideak ematen dituen. "EH Bilduren proposamenak 5 milioi euroko inbertsioak eta partidak jasotzen ditu. Beste batzuek, aldiz, estrategia eta araudi berriak martxan jartzea eskatzen dute eta, horiek guztiek, etorkizunean izango dugun Gasteiz mota definitzen dute", adierazi du Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak.

 

EH Bilduren lehentasunetako bat aldaketa klimatikoari erantzutea da, eta bertara 1,75 milioi euro bideratzea proposatu du. EH Bildurentzat beharrezkoa da eredu ekonomikoa aldatzea, izan ere, larrialdi klimatikoak agerian utzi ditu eredu ekonomiko tradizionalaren akatsak. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "elementu globalak dituen erronka bat izan arren, posible da beste helmuga baterako urratsak tokiko ekintzen bidez bideratzea. Zehazki, ehun ekonomiko osoa berrerabilpenaren eta ekonomia zirkularraren parametroetara hurbildu behar da".

 

Horregatik, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da udal-estrategia ekonomia zirkularraren arloko Europako jarraibideetara egokitzea. Villalba zinegotziak adierazi duenez, aholkularitza bat sortu behar da ekonomia zirkularreko planak aktibatu nahi dituzten hiriko enpresentzat, eta laguntza-lerro bat egokitu behar da enpresak eredu horretara egokitu daitezen. Halaber, aholkularitza eta diru-laguntza lerro bat planteatzen da ekonomia sozial eta solidarioko enpresentzat.

 

Eredu aldaketa bezain beharrezkoa da EH Bildurentzat Udalbatzak egindako larrialdi deklarazioari jarraipena ematea. "Ez da nahikoa asmoen adierazpen batekin geratzea, adierazpen hori edukiz hornitzeko garaia da", esan du Villalbak, eta airearen kalitatearen plana eguneratzeko beharra azpimarratu du.

 

Baina hori guztia lehen sektorearekin lankidetzan egin behar da, neurri handi batean udalerria osatzen duten 63 herrietan biltzen baita. Hori dela eta, EH Bilduk laguntza ildoak proposatu ditu, bai lehen sektorean pertsonak sartzeko, bai ekologikora birmoldatzeko. Gainera, Villalbak esan du apustua banaketa-zirkuitu laburrak sustatzea eta ekoizleen merkatuak hobetzeko eta indartzeko neurriak hartzea dela.

 

Espazio publikoa berrantolatzea

 

COVID-19ak espazio publikoari eta mugikortasunari buruzko nahitaezko hausnarketa egitera eraman ditu herritarrak. Aurrera egiten ari garen fase berriari erabat lotutako bi alderdi dira. Lan ildo horretarako, milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa proposatu du EH Bilduk.

 

Espazio publikoa berregituratzeko estrategia bat da, eta, aldi berean, mugikortasun aktiboa indartzen da, Gasteiz 30 Hiria izendatzea eta super-etxadiak sustatzea bezalako ekimenekin. Bi ekimen horiek auzo-elkarteekin elkarlanean egin dira.

 

Era berean, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela oinezkoei eta bizikletei mesede egiteko eta garraio publikoa bultzatzeko neurriak hartzea, garraio pribatuaren kaltetan. Espaloiak zabaltzea eta super-etxadien bidez oinezkoentzako lehentasun-eremuak sortzea lagungarriak dira pertsonentzat hiri atseginago baterantz aurrera egiteko.

Bizikletaren erabilera sustatzea EH Bilduk proposatutako neurriei lotutako helburua da, hala nola, bizikleten Renove Plana, bidegorrien sare nagusia amaitzea eta finkatzea, bizikletak erosteko laguntzak ematea edo aparkamendu-kopurua handitzea. Gainera, garraio publikoarentzako erreskate funts bat martxan jartzeko eta zerbitzuaren maiztasuna berreskuratzen joateko unea da.

 

Trantsizio digitalerantz aurrera egitea

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da konfinamenduan zehar agerian geratu den eten digitala gainditzea. Horregatik, trantsizio digitalerako ezinbestekoa da banda zabala hedatzea eta Interneterako konexioa bermatzea.

 

EH Bilduren iritziz, udalerriaren erronkei irtenbide digitalak emateko garaia da. Jauzi teknologiko horren barruan, komenigarria da udalak formatu digitaleko aplikazio eta zerbitzu sorta berri bat bultzatzea eta herritarren eskura jartzea, honako alderdi hauetan: hiri-mugikortasuna, kultura eta turismoa, merkataritza eta ostalaritza, energiaren kudeaketa, isuriak eta hondakinak.

"Ekonomia suspertzen laguntzeko eta enpleguan eragiteko, etorkizuneko faktore erabakigarrietako bat sektore ekonomiko guztien digitalizazioa osatzea da", adierazi du Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak. EH Bilduk digitalizazioan aurrera egiteko neurriak proposatu ditu, enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak, prestakuntza digitala edo adimen artifiziala garatzeko neurriak.