AKTUALITATEA


| 2021-10-28 17:23:00

Arabako Parke Teknologikoak orain dela gutxi eskaera bat erroldatu du Gasteizko Udalean, gaur egungo kokalekuaren inguruan dauden lursailen parte batean eraikitzeko sektorizazio plan berri batekin. Pausu honen bidez parkearen zabalpenari bidea eman nahi zaio, besteak beste, egoera solidoan dauden bateriak ekoiztuko dituen gigafaktoria bat eraikitzea ahalbidetzeko, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen duen proiektua Arabak aurrez aurre duen eraldaketa produktiboaren erronkaren aurrean, modu jasangarrian eta etorkizunera begira.


EH Bilduk bi baldintza plazaratu zituen parke teknologikoaren sektorizaziora begira. Alde batetik, egungo instalazioen inguruan dauden lursailen erabilera askoz ere neurritsuagoa egitea. Kontuan hartu behar da gaur egun Gasteizen indarrean dagoen HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 290 hektarea baimentzen dituela erabilgarri gisa, erabat gehiegizkoa den zerbait. Bestetik, gogoratu behar da sektorizazio hau polemika iturri izan dela, sektorizazioa egiteko lehen saiakera De Miguel ustelkeria kasuko fruituetako bat izan zelako, Stoa enpresaren bidez.


«Egiaztatu dugu parkaren eskaera berriak 90 hektarea sektorizatu nahi dituela, egungo eraikinen eta errepide nagusiaren artean, gainerako lursailak ukitu gabe. Hortaz, zabalpen askoz ere neurtuagoa da. Gainera, alde batera utzi da behin betiko proiektuak Stoarekin eta ustelkeriarekin zeukan harremana. Guzti hori oso albiste ona da», Felix Gonzalez EH Bildu Gasteiz udal taldeko bozeramailearen hitzetan.

 

EH Bilduk animatu nahi ditu eragile guztiak urratsak egiten jarraitzera ahalik eta lasterren Miñaon baterien gigafatoria bat martxan jartzeko. Ildo horretan, bere prestutasuna azaldu nahi du ahal den neurrian azkartzeko Gasteizko Udalean egin beharko diren hirigintza moldaketen tramitazioa, beti ere legeak ezartzen dituen epeak errespetatuta.