AKTUALITATEA


| 2021-04-11 12:34:00

EH Bilduk unibertsitatearen erabilera hezkuntzakoarekin parekatzeko Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) egiturazko behin betiko aldaketa onartzearen aurka bozkatuko du astelehen honetan. EH Bilduren ustez, aldaketaren helburua, beste behin ere, indarrean dagoen HAPOa desnaturalizatzea da, erabilera jakin batzuk udalerriko lursail askotara hedatzen baititu. Gainera, Udalak eta udalbatzak jarduerak hirigintzaren ikuspegitik interes orokorraren mesedetan modu eraginkorrean kudeatzeko eta antolatzeko dituzten aukerak murrizten ditu.


Ez da lehen aldia, azkenaldian, EAJk eta PSEk HAPOan aldaketa orokorrak egitea erabaki dutena. Duela gutxiko osoko bilkuran, udalerriko hirugarren sektoreko edozein partzelatan egoitzak martxan jartzea ahalbidetzen duen aldaketa gauzatu zen. "Aldaketa orokor horiek edukiz husten dute Plan Orokorra, eta Gasteizko antolamendurako tresnak eta aukerak kentzen dituzte. Kezkagarria da EAJk eta PSEk egungo HAPOa ahultzeko duten joera, honen eguneratzea behin eta berriz atzeratzen den bitartean", adierazi du Felix Gonzalez Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak.


Gonzalezek gogorarazi du gaur egun posible dela jarduera jakin batzuk lursail zehatzetara egokitzea, nahiz eta hasiera batean horietara bideratuta ez egon, kasu oso zehatzetan, araudiaren aldaketa puntualen bidez. "Aldaketa puntualek arau bihurtu behar ez badute ere, lur zati zehatzetan proiektu zehatzek dituzten eraginen eta aukeren balorazio egokiagoa egiteko aukera ematen dute, eta interes orokorra haztatu behar da, gure hirigintzaren erabateko eraketa interes pribatuei utzi gabe, horrek mugikortasunean, hondakinen kudeaketan eta abarretan dituen ondorioekin", azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.