AKTUALITATEA


| 2021-12-16 12:47:00

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du biharko osoko bilkurara eramango duena mozio bidez, non energiaren udal merkaturatzaile bat sortzea aurreikusten duen. Hori dela eta, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi du: «egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan beharrezkoa da energia hornitzeko bide berriak irekitzea, beste leku batzuetan bideragarriak direla frogatu baita, hirugarrenen menpe egotera behartzen ez gaituzten bideak. Merkaturatzailea erabili beharreko tresna da behar duen eta zuzenean sortzeko gai ez den energiaz pixkanaka hornitzeko».

EH Bilduk biharko osoko bilkuran eskatuko du energia elektrikoaren ekoizpenaren merkatuan bitartekaririk gabeko zuzeneko erosketa publikoa sustatzea eta legegintzaldia amaitu baino lehen udal energia-merkaturatzaile bat sortzeko beharrezkoak diren urratsak ematea. Era berean, Udalari eskatuko dio iturri berriztagarrietatik datorren energia bakarrik eros dezala elektrizitatea ekoizteko merkatuetan.

Duela gutxi ezagutu d
a Tuvisari energia elektrikoa ematen zion enpresak sozietate horrekin zuen kontratua hautsi duela. Haustura hori energia elektrikoak azken hilabeteetan jasan duen prezio-igoerak eragin du, adostutako baldintzetan zerbitzua jasanezina egin zaiolako. Baina Tuvisaren kasua ez da kasu bakana. Estatu osoko beste administrazio batzuek antzeko egoerak jasan dituzte. Eta, oraingoz, energia elektrikoa hornitzen duten udal-kontratuetako bati bakarrik eragin badio ere, gehiago izan daitezke bertan behera gera daitezkeen kontratuak, Gasteizko Udalak hainbat kontratu baititu, eta horien bidez, hainbat zerbitzuren funtzionamendurako energia elektrikoa hornitzen zaio.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk apustu egiten du Gasteizek bere burua energia elektrikoz hornitzearen alde, handizkako ekoizpen-merkatuan bitartekaririk gabe energia elektrikoa erosteko aukera emango duen udal-merkaturatzaile bat sortuz. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) araututako formula da, Europan oso hedatua, eta dagoeneko
espainiar Estatuko hainbat udalek bat egin dute harekin. «Ekimen horiek beste leku batzuetan bideragarriak direla frogatu da, eta ez gaituzte behartzen hirugarrenen mende egotera; aitzitik, benetako beharretara hobeto egokitzen den erosketa bat egiteko aukera ematen dute, eta, gainera, udal-kutxetan dirua aurreztea lortu da, eta diru hori, Gasteizen kasuan, udalerriko trantsizio energetikoa sustatzeko erabil daiteke», ziurtatu du Villalbak.