EH Bilduk egoitza-bazterkeria egoeran dauden emakumeentzako zentro esklusiboa eskatuko du mozio bidez Arabako Batzar Nagusien azaroko ezohiko osoko bilkura tradizionalean eta Gasteizko Udaleko abenduko osoko bilkuran. Mozioaren xehetasunak eman dituzte Gasteizko EH Bilduko bozeramile Rocio Viterok eta EH Bildu Arabako batzarkide Claudia Venceslaok.
EH Bilduk adierazi du Gasteizen bazterkeria-egoeran dauden emakumeen kopurua EAEko gainerako hiriburuetakoa baino handiagoa dela, %17koa, Bilboko %4aren eta Donostiako %7aren oso gainetik. «Datu horiek erakusten dute emakume izate hutsagatik, euren egoera are zailagoa dela. Etxerik gabeko emakumeak gizonak baino gutxiago izan arren, egoera askoz larriagoak dituzte eta oinarrizko eskubideak urratzen zaizkie maiz», esan du EH Bilduk. Emakumeek bereziki dituzten arrisku horien artean daude sexu-gehiegikeriak edota erasoak pairatzea, etxerik gabekoen estigma handiagoa pairatzea edota baldintza fisikoak eta mentalak okerragotzeko arrisku handiagoa.
«EH Bildun argi diogu beharrezkoa dela pertsona guztien gizarte-babesa handitzea, eta, zehazki, gizarte-egoera zaurgarrienean daudenena. Dauden baliabideak indartu behar ditugu, eta pertsonen ongizatea hobetzeko beharrezkoak direnak sortu. PSEren eta EAJren gobernuaren gelditasunaren aurrean, EH Bildutik egoitza-bazterketa egoeran dauden emakumeentzako egoitza baliabide esklusibo bat sortzea proposatzen dugu. Emakumeek pairatzen dute gehien kalean bizitzearen inpaktua, eta emakumeei eskaini behar zaizkie, hain zuzen ere, arreta berezia emango dieten baliabideak», adierazi du Viterok.
Izan ere, Venceslaok adierazi bezala, egoera larria da, gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonentzako egoitza-baliabideen okupazioa oso altua delako. ATERPEk gaur egun 19 emakume artatzen ditu eta %96ko okupazioa du; CMASek 32 emakume hartzen ditu eta okupazioa %95ean dago; gizarte-larrialdiko egoeretarako harrera-pisuak %100ean daude okupatuta eta 10 emakume artatzen ditu; Tutoretzapeko Etxebizitzak %95ean daude eta horietan 35 emakume daude; eta, azkenik, okupazioari dagokionez osorik dagoen Besarkada Etxeak 5 emakume artatzen ditu. «Zerbitzu horien okupazio handia erakusten duten datuez gain, esan behar da baliabide horietako bakoitzean itxaron-zerrenda dagoela zerbitzu horietara sartzeko. Argi dago, beraz, eskari handi horri erantzuteko baliabideak sortu behar direla», esan du Venceslaok. Horrez gain, gehitu du: «Emakumeen zaurgarritasunaren areagotze horretan, kontuan hartu behar da bazterkeria-egoeran dauden pertsonei arreta emateko baliabideen diseinua, ez baitago emakumeen beharrei laguntzeko baliabide eta sare espezifikorik. Egoitza-baliabideak gizonen kolektiboarentzat pentsatuta daude».
Horregatik, EH Bilduk uste du beharrezkoa eta premiazkoa dela Gasteizen baliabide bat martxan jartzea, modu integral eta espezifikoan gaur egun bizitegi-bazterkeriako egoeran dauden emakumeen beharrei erantzuteko. Bizitegi-espazio bat eskaintzen duen baliabide bat, susperraldi pertsonalerako eta gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak bultzatuko dituena, ikuspegi feministatik. «Azaroaren 25aren atarian, erakundeetatik jartzen diren puntu moreak eta esaten diren aldarrikapen feminista guztiak, bizitza eta zaintza politika publikoen erdigunean jartzen dituzten erantzunetan bihurtzea nahi dugu», argitu du Viterok.