AKTUALITATEA


| 2021-06-30 11:40:00

EH Bilduk salatu egin du legegintzaldi honetan EAJk eta PSEk Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua murrizteko egin duten hirugarren ahalegina. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, ELZ-ren kontratazio plegu berriak murrizketak ezkutatzen ditu. «Arreta-orduak murrizten dituzte, garbiketa-lanak eteten dituzte, orduaren kostua handitzen dute eta oraindik ere arreta hobetzeko zerbitzuaren partida handitzen dutela sinetsarazi nahi digute. EAJk eta PSEk gastua ikusten duten lekuetan, guk, EH Bildun, inbertsioa ikusten dugu, bizi-kalitatean inbertsioa», esan du zinegotziak.


Gizarte zerbitzuetako udal-sailak berak «ankilosatu eta ez-nahikoa» bezala definitzen du etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren egungo egoera. Baina egoera hori irauliko duen neurriak hartu beharrean, EAJren eta PSEren gobernuak zerbitzua murriztu eta honen prekarizazioan sakontzen du, kontratazio plegu berriak jasotzen dituen lau neurri azpimarragarriren bitartez. Lehenengoa arreta-orduen murrizketa da. 2008an, adineko pertsona batek jasotzen zuen batez besteko arreta 28,71 ordukoa zen, 2019an 17 ordukoa eta, orain, 2022rako, ordu kopuru bera pertsona gehiagorentzat; horrek esan nahi du kasu batzuetan arreta orduen ia %50 murriztu behar dela. «Horren aurrean, EH Bilduk berretsi egiten du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eredu berri baten beharra, kalitatezko arreta bermatuko duen eta zerbitzu prekarizatu horren narriadura ekarriko duen aurrekontu-partida nahikoa izango duena», nabarmendu du Viterok.


Bigarrena, garbiketa lanak etetea da, baldin eta «garbiketa egin dezakeenarekin edo horretarako kontratazio pribatua duenarekin» bizi badira. Hirugarrenik, orduko kostuaren igoera, kontratu berriak orduko 5,6€-ko batez besteko igoera ezartzen baitu, orain arte 21,40€-ko kostua zuen zerbitzuan. Azkenik, ordu-kopurua familia-sarearen eskuragarritasunaren arabera bereiztea proposatu du, zaintza lanak senideen eta/edo bizikideen gain utziz.

 

EUSTATen datuen arabera, adinekoen %80k etxean bizi nahi du; horregatik, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua funtsezko programa izango da, baina eskarira eta egungo egoeretara egokitu behar da. Horretarako, herritarrei eta, zehazki, zerbitzuaren hartzaileei entzun behar zaie. Hala ere, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak adierazi duen bezala, adinekoen elkargunean hogei eskaera eta proposamen baino gehiago egin dira Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua hobetzeko, baina gobernuak ez ditu kontuan hartu; esate baterako, arreta-orduen igoera edo zaurgarritasun mailaren araberako prezio eskala.


«Etxeko Laguntza Zerbitzua oinarrizkoa eta beharrezkoa da etxean bizitzen jarraitzeko; horregatik, ezinbestekoa da eskariari egokitzea. Gobernuak ez ditu kontuan hartu adinekoen elkarguneko eskaerak, eta alde bakarretik jarduten jarraitzen du elkarguneko eskaerei entzungor egiten dien bitartean», adierazi du zinegotziak. Era berean, orain dela hilabete gutxi sortutako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren lantaldearen probetxua salatu du, «ELZren eztabaidarako eta hobekuntzarako gune izatetik urrun, 2 saio baino ez dira egin, biak gobernuaren iritzia eta analisia helarazteko, taldeen benetako parte-hartzerik gabe».