Gaur eguerdian egindako ezohiko batzordean, EH Bildu haserre agertu da krisia hasi zenetik Urtaran kabineteak izan duen jarrerarekin. EH Bilduk lan egin du udalbatza osoak partekatutako lan-esparruak sortzeko, hiriko eragile sozial eta ekonomikoei irekita. Gasteizko Udalean Miren Larrion buru duen taldearen lehentasuna izan da -eta beti da hala- herritarren osasuna zaintzea eta egungo krisiari aurre egitea.
Horregatik, EH Bilduk uko egin dio, oposizio gisa dagozkion, eztabaidarako eta gobenuaren kontrolerako mekanismo batzuk erabiltzeari (batzordeak...), birusaren hedapena geldiarazteko eta krisiari aurre egiteko lanean arreta jartzeko. EH Bilduk 30 bat neurri proposatu ditu, besteak beste, formakuntzan, gizarte zerbitzuen errefortzuan, kaleetako desinfekzioan eta krisi mahai partekatuan.
Zoritxarrez, gobernuak oso alderantziz jokatu du, eta oposizioari ateak itxi dizkio, organo betearazle bat eta organo legegile bat baleude bezala jokatuz eta oposizioa alde batera utziz, udal korporazioko kide ez balitz bezala. Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak salatu duenez, "Gobernuaren informazioa berandu iritsi da, eta, zoritxarrez, krisiari erantzun partekatua emateko aukera galdu da, gobernuak lan-esparru bateratuak sortzeari uko egin diolako. Baina, hala eta guztiz ere, argi daukagu salbuespen-egoera baten aurrean gaudela, eta herritarren ordezkari gisa lanean jarraitu behar dugula. Hori dela eta, elkarlanerako eskua luzatu nahi du berriro EH Bilduk, COVID-19ak eragindako krisiari jarraipena egiteko Batzorde Berezi bat sortuz".
Krisia hasi zenetik denbora asko igaro den arren, EH Bilduk badaki oraindik ere pertsonak gaixotzen eta hiltzen ari direla pandemia honetan eta, beraz, larrialdi egoerak jarraitzen duela; beraz, lehentasuna ez da aldatu: pertsonen osasuna babestea da. "Oraindik ez dugu osasun larrialdia gainditu, eta, zoritxarrez, krisi sozial eta ekonomiko baten ondorioa izango da. Ziur gaude erantzunik onena iritsiko dela bidea denon artean egiten badugu, inor atzean utzi gabe. Hori dela eta, garrantzitsua da COVID-19k sortutako krisiari jarraipena egiteko Batzorde Berezian gure udalerriko eragile sozial, ekonomiko, sindikal, kultural eta bestelakoak parte hartzea", azaldu du Larrionek.
EH Bilduk nahiko luke udal gobernuak orain arte erakutsitako jarrera aldatuko duela eta elkarrekin lan egiteko gune horietan parte hartzea onartuko duela behingoz. Are gehiago, datozen aste eta hilabeteetan aldaketak egin beharko direla jakinda, legegintzaldi honetarako ezarritako ibilbide-orrian, inbertsioetan eta aurrekontuetan, une honetan eta neurri handi batean, krisiaren ondoren zaharkituta geratzen ari direlako. Dena berrikusi beharko da eta jarraitu beharreko bidea argi izan behar dugu: krisi sanitario, sozial eta ekonomikoari erantzun.
Rocio Vitero: "Enpresa energetikoen tasa berria urrats berri bat da gehien dutenek zerga gehiago ordain ditzaten. Ez gaitu harritzen Red Eléctricak helegitea jarri izanak eta konpainia handiek euren estatusa mantendu nahi izanak, baina, horregatik zehazki, tasaren defentsan jarraitu behar da. Gasteizek herrialde osorako tasaren defentsaren eredu izan behar du".
Felix Gonzalez: "Gezurra da guk ez dugula eztabaidatu nahi izan, gezurra da ez dugula negoziatu nahi izan, izan ere, guk eskaini diogu akordioa gobernuari. EH Bilduren ustez, mugikortasuna funtsezko elementua da, eta arlo honetan akordioak lortzeko beharraren alde egiten jarraitzen dugu".
Felix Gonzalez: "Udal gobernua prest badago bizikleta mugikortasunean eta segurtasunean inbertsioak egiteko bide orri bat adosteko eta '30 Hiria' martxan jartzeko, ordenantzaren tramitazioan urratsak eman ahal izango ditugu. Urtaranen esku dago zuzentzea eta akordioak lortzea"
Felix Gonzalez: "Aldaketa generikoek edukiz husten dute Plan Orokorra, eta Gasteizko hirigintza antolamendurako tresnak eta aukerak kentzen dituzte. Kezkagarria da EAJk eta PSEk egungo HAPOa ahultzeko duten joera, honen eguneratzea behin eta berriz atzeratzen den bitartean".