Euskal Herria Bilduk dagoeneko eraikita dauden kultur azpiegiturak birgaitzeko plan bat aurkeztu du, azpiegitura horien aprobetxamendua lehenetsiz gobernuak eraikitzen jarraitzeko duen irrikaren aurrean. EH Bilduko bozeramailea den Miren Larrionek ezinbestekotzat jotzen du Iradier Arena birgaitzea, orain "erabilera gabea" bihurtu den espazioa, eraiki aurretik aurreikusiten zen "erabilera anitzeko" espazioa izan dadin berriro ere; eta, bide batez, Printzipal Antzokia birgaitze lanetan dagoenean, honek hartu beharreko emanaldiak Iradier Arenak har ditzan.
Dagoeneko eraikita dauden espazioak lehenetsi behar direla defendatu du Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak. "Ezin dugu kultur azpiegiturak eraikitzen jarraitu jada eraikita daudenak hiltzen uzten ditugun bitartean. Eraberritu dezagun Iradier Arena, bizitzaz eta ekintzaz bete, eta Printzipal Antzokiaren programazioa hartzeko ere prestatu dezagun hau eraberritze lanetan dagoenean. Ondoren, bi espazio eszenikoak ditugunean, Auditorio bat eraikitzea beharrezkoa den ala ez baloratuko dugu", adierazi du Larrionek.
Hain zuzen ere, Auditoriumaren proiektuak zalantza ugari sortu ditu, ez bakarrik proiektuaren premia zalantzagarriagatik, baita trenbideen ondoko lursail batean planteatzen den kokapenagatik ere. Horrez gain, balizko irregulartasun batengatik zalantzak sortzen dituen esleipena ere kezkagarria da, eta, ezin da ukatu, kutxa eszenikorik gabe planteatzeak sortzen duen zalantza bera ere. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak ezbaian jarri du proiektuaren prozedura bera: "Gobernuak planteatzen duen prozeduraren arabera Printzipal Antzokiaren erreforma eta Audiotoriumaren eraikuntzak bat etorriko lirateke. Ez dute argitu zein espaziok edo antzokik hartuko duen programazio hori. Hori dela eta, EH Bilduk ibilbide-orri bat proposatu du, beti espazio eszeniko egoki bat bermatuko duena eta dagoeneko eraikita dauden azpiegituren aprobetxamenduan oinarrituko dena".
Horrela, Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak ateak zabalik utzi ditu Printzipal Antzokia eraberritzeko hiru aukera posibleak berriro aztertzeko, oraingoan Iradier Arenako erreforma kontuan hartuta. "Iradier Arenarentzat aukera berri bat ireki da,"erabilera gabea" izatetik kultur emanaldiak hartzera igaroko litzatekeena, eta horretarako ere kutxa eszeniko bat izatea planteatuz. Horrela, etorkizunean kultur programazioa Iradier Arena eta Printzipal Antzokiaren artean bana liteke", zehaztu du Miren Larrionek.