AKTUALITATEA


| 2020-04-16 12:48:00

COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiaren jarraipena egiteko Batzorde Berezia sortzea eskatuko du EH Bilduk apirilaren 24ko osoko bilkuran. Batzorde Berezi horren lana izango da Covid-19ak eragindako izurritearekin eta haren ondorioekin zerikusia duten gaiak, txostenak, proposamenak, ekarpenak, diagnostikoak, neurriak eta ekintzak aztertzea, lantzea eta partekatzea. Era berean, batzordeak martxan egon beharko du krisiak irauten duen bitartean, edo, gutxienez, urtea amaitu arte. Ondoren, txosten bat idatziko du, gomendioekin eta ondorioekin, eta udalbatzaren esku jarriko du.

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramailearen ustez, "Salbuespenezko egoera honek aparteko erantzunak eskatzen ditu erakunde publikoen aldetik. Krisiak dimentsio sanitarioa, soziala eta ekonomikoa duen neurrian, tresna egokiak behar ditugu guztiei aurre egiteko. Horregatik, EH Bildutik proposatzen dugu osasun-krisiari jarraipena egiteko Batzorde Berezi baten sorrera, hiriko hainbat eragileri irekitako egongo dena".

Era berean, Larrionen apustua da eragile horiek batzorde horretan lekua izatea, beren proposamenak, kezkak, iritziak edo kritikak zuzenean helarazi ahal izateko agerraldien bidez. "Batzorde Berezi honek herritarren hausnarketak, iritziak eta eskaerak bideratzeko lekua izan beharko luke, gure udalerriko eragile sozial, ekonomiko, sindikal, kultural eta bestelakoen ekarpenei irekia", adierazi du Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak.

EH Bilduren proposamen hori Gasteizko Osoko Bilkuraren Araudi Organikoaren 155. artikuluaren babespean dago, eta bertan Batzorde Bereziak sortzeko aukera jasotzen da, baldin eta udalbatzak onartzen baditu. Horrela, EH Bilduk datorren apirileko osoko bilkuran helaraziko du. Aipatutako 155. artikuluan ezarritakoaren arabera, Batzorde Bereziaren sorrera onartu ondoren, hurrengo hilabetean egin beharko da eratze-bilkura. Bilkura horretan, batzordean parte hartuko duten zinegotziak izendatuko dira, baita lan-metodologia eta egutegia proposatu ere.

EH Bilduren iritziz, Gasteizko pertsona eta eragile guztiak inplikatzen dituen erronka baten aurrean gaude, eta ezinbestekoa da informazioa, diagnostikoak, ekarpenak eta proposamenak partekatzea, eta hartu beharreko neurriak koordinatzeko eta adosteko guneak eraikitzea.