AKTUALITATEA


| 2019-05-24 12:24:00

EH Bilduko Arabako diputatu nagusigaiak, Kike Fdez. De Pinedok, eta Gasteizko alkategaiak, Miren Larrionek, agerraldia egin dute gaur, amaitzear dagoen hauteskunde kanpainari buruzko iritzia emateko, eta igandeko hauteskundeetan botoa eskuratzeko deia egiteko. Bi hautagaiek boto aurrerakoia aktibatzeko eta kontzentratzeko eskatu dute, Araban zein Gasteizen lehen indarra izatea lortzeko, eta gobernua eratzeko aukera izateko.

Fdez. De Pinedo-k ziurtatu du igande honetan Arabak «berriro ere historia» egin dezakeela bere emaitzekin. «Ordu gutxi batzuk falta dira, azken bultzada geratzen da. Boto aurrerakoia aktibatu, mobizatu eta kontzentratu behar dugu. Ezkerreko botoa aktibatu, mobiizatu eta kontzentratu behar dugu. Hiru premisa horiek betetzen baditugu, Arabak berriro ere historia egingo du igandean. Igandean hiru premisa horiek betetzen baditugu, bete egingo da hamarkadaz hamarkada egin den lan eraldatzailearen ametsa. Herrialdean aro berri bat zabalduko dugu azkenik», azpimarratu du hautagaiak.

Bestalde, Larrion-ek gogoratu du EH Bilduren konpromisoa dela Gasteizen gobernu aurrerakoi eta ireki bat osatzea, eta azpimarratu du hori lortzeko berme bakarra dela igandean hiriko indar bozkatuena izatea: «Igande honetan aukera handia dugu udala hiritarren zerbitzura jartzeko. Jendearentzako aukera berrien itsaso zabala nahi dugu. Eta itsaso hori tantaz tanta beteko dugu, bozkaz bozka. Gobernu aurrerakoia eta irekia bermatzeko, EH Bilduk alderdi bozkatuena izan behar du. Nahikoa da bigarrenak baino boto bat gehiago lortzea. Horregatik esaten diogu jendeari: zure bozka erabakigarria da. Zure bozka da gehiengoa emango duena. Zure botoa da aukera berrien itsaso zabala irekiko duena».

Kanpainari dagokionez, Fdez de Pinedo-k adierazi du «asteak» damaratzatela herrialdean mugitzen, ez bakarrik kanpainan, eta ilusioa ikusten ari direla nonnahi: «Herrialdea zeharkatu dugu herriz herri, eta ilusioa ikusten dugu, jendea pozik dago, eta indartu egin nahi du 2011n abiatu zen olatu eraldatzailea. Geure eskuetan dago. Sinesten genuen ametsa oso hurbil dago».

Larrion pozik agertu da bere kanpainak hirian izan duen harrerarekin, eta baita ere hiritarrengandik jaso dituen babesekin eta ekarpenekin: «Proiektu berriei buruz hitz egiten kanpaina egin dugu, proiektuz beteriko Gasteiz bat nahi dugulako, norabide berri batekin. Besteekin adeitsua izan den kanpaina egin dugu, sinesten dugulako ezberdinen artean egindako Gasteiz batean. Etengabeko irribarre batekin egin dugu kanpaina, etorkizunean denok irribarretsu izango garen Gasteiz bat delako geure helburua».