Datorren abuztuaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, urtero bezala, Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizko jaiei hasiera emango dien Zeledonen jaitsiera egingo da. Hori dela eta, EH Bilduk gonbidapena luzatu nahi izan die hainbat kolektibo sozialei, San Migeleko balkoian EH Bilduko kideekin batera egoteko, kolektibo hauek euren aldarrikapenei ahotsa emateko espazio bat izan dezaten. Gainera, talde horiekin batera, gonbidapena helarazi dio Joseba Asiron euskaldunon hiriburu den Iruñeko alkateari.
EH Bilduk balkoira gonbidatutako kolektiboak honako hauek dira: Arabako etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea AEZLE-ENARA kooperatiba, Gasteizko suhiltzaileen kolektiboa, Etxerat elkartea, SEADek Euskadin duen ordezkaritza eta "Flotilla Rumbo a Gaza" kolektiboa.
«Pertsona guztien gozamenerako izango diren jai ireki eta integratzaileak nahi ditugu, jaiegun hauetan ere indarrean dauden kolektibo sozialen bidezko aldarrikapenak ahaztu gabe. Euren aldarriak balioan jarri nahi ditugu, horiei gune bat eskainiz. Hau da, errespetuan oinarritutako Gasteizko jai ireki eta partehartzaileak nahi ditugu, herritar guztientzat izango direnak», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.
Eraso matxistarik eta LGBT+fobikorik gabeko jaiak
EH Bilduren bozeramaileak, jaien atarian, errespetuan oinarritutako jai "osasuntsu" batzuen aldeko mezua helarazi du. «EH Bilduk mezu bat helarazi nahi die herritarrei, Gasteizko jaiak indarkeria matxista eta LGBT+fobikorik gabe eta errespetu osoz goza daitezen. Pertsona guztiek jaiez libreki eta modu irekian gozatu ahal izatea nahi dugu, jai-gune guztietan. Eta jaiez gozatzen dugun guztion ardura da hori bermatzea», adierazi du Viterok.