AKTUALITATEA


| 2019-09-23 11:41:00

EH Bilduk mozioa aurkeztu du ibilgailuen borondatezko errolda berria sortzeko Gasteizen. Errolda horretan alta emateak ahabidetuko luke gidariei abisua ematea mezu zuzenen edo bestelako bitarteko elektronikoen bidez, udal garabiak ibilgailua kaletik erretiratu behar duenean, gordailura eraman baino lehen berreskuratzeko aukera izan dezaten.

Larrialdiren edo konponketaren bat egin behar denean ibilgailu bat lekualdatu behar denean ere erabiltzaileak jakinaren gainean jartzeko balio beharko luke abisu sistema berriak. Azkenik, errolda horren bidez gidariek kontsultatu ahalko lukete ibilgailua harrezkero udal gordailuan dagoen edo ez. Erroldan izena ematea modu erraz batean egin liteke, matrikula eta telefono zenbakia elkarrekin lotuko dituen webgune baten bidez.

«Iruñea bezalako beste hiri batzuetan ere erabilgarri dagoen zerbitzua da, eta harrera ona egin diote hiritarrek. Trafikoan blokeoak edo arriskua dagoenan garabia deitzea beharrezkoa denez eta esku-hartzeak ez duenez berez dirua biltzeko helbururik, proposatu dugun sistemak erantzuteko denbora azkartuko luke», azaldu du koalizioko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik.

Iruñari dagokionez, joan den urtean udaltzaingoak 947 mezu bidali zizkien kalean gaizki aparkatuta zeuden ibilgailuetako arduradunei. Kasu gehienetan (587) abisua jaso zuten pertsonak garaiz iritsi ziren eta ibilgailua udal gordailura eramatea sahiestu zuten.

Kontuan hartu behar da Gasteizen indarrean dagoen tasa araudiak berak aurreikusten duela %50eko beherapena ibilgailuaren arduraduna garabiak lekualdatze prozedura osorik gauzatu baino lehen gerturatzen bada. «Telefono bidez abisu sistema bat ezartzeak gidari gehiago garaiz heltzea eta udal gordailuraino joan behar ez izatea ahalbidetuko luke», azpimarratu du Lopez de Aberasturik.

EH Bilduren Gasteizko udal bozeramaileak, Miren Larrionek, azaldu du hiritarren eta udal erakundeen arteko harremanak errazteko eta komunikazio zuzena indartzeko koalizioak duen borondatearen barruan ulertu behar dela proposamena. Honezkero udalbatzak onartu dituen beste ekinaldi batzuetan ere islatu da asmo hori. Esaterako, udal igerilekuetan sartzeko telefono bidez identifikatzea. «Teknologia berriek ematen dizkiguten tresnak eta aukerak baliatu behar ditugu Gasteizko auzotarren eta administrazioaren arteko harremana ahalik eta errazena izan dadin. Erraztasun guztiak eman behar dira, gauzak zaildu beharrean», argudiatu du Larrionek.