AKTUALITATEA


| 2021-05-24 13:57:00

EH Bilduk ostiraleko osoko bilkuran eskatuko du Gasteizko Udalak konpromisoa har dezala bizikleta-azpiegituren plan bat egin eta gauzatzeko, udalerriak sare funtzional bat izan dezan, nahikoa eta bizikletaz egiten diren joan-etorrien premietara egokitua. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziaren ustez, "ezinbestekoa" da txirrindularien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea, "planak bizikleta azpiegituren sare nagusiak eta bigarren mailakoak sendotu, hobetu eta handitzeko balio behar du, gehienez ere 4 urteko epean. Eta hala izan dadin, ekintza zehatzak eta urte anitzeko kronograma xehatu bat izan behar ditugu, akordioa ikuskatu ahal izateko".


Era berean, EH Bilduk uste du plan horrek aukera eman behar duela eguneroko joan-etorriak bizikleta-sarean zehar egiteko, hala nola ikastetxeetara, lantokietara, gizarte-etxeetara, osasun-zentroetara edo parkeetara joateko, eta, aldi berean, hiriko erdigunea eta hirigunea zeharkatzeko ibilbide seguruak egiteko. Ildo beretik, planak egungo bizikleta-sare osoaren mantentze zuzena eta jarraitua egitea eskatzen du.


Villalba zinegotziak adierazi duenez, gaur aurkeztu duen mozioaren bidez, plan horrek finantziazio nahikoa izatea eskatuko dio osoko bilkurari, datozen 4 urteetako aurrekontuetako konpromiso-kredituetan islatuko dena.


2007. urtean, Gasteizek mugikortasun iraunkorraren aldeko herritar-ituna sinatu zuen. Akordio hori hiriko mugikortasuna eta espazio publikoa definitzeko esparru eta ibilbide-orri gisa erabili zen, eta gaur egun indarrean dagoen Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren definizioarekin amaitu zen. "Ezartzen duen hierarkia modalak bigarren lekua ematen dio bizikletari, oinezkoaren atzetik. Hala ere, gaur da eguna Gasteizen garraio-azpiegituren azaleraren %3,2a da soilik bizikletentzat. Kopuru hori ez da nahikoa", adierazi du EH Bilduko zinegotziak.


Azken hilabeteetan, Gasteizko mugikortasunari buruzko eztabaida bizia izan ondoren, gobernu-taldeak mugikortasun-ordenantzaren proposamena erretiratu behar izan du, horren inguruko adostasunik ez dagoelako. Egoera horrek agerian utzi du, alde batetik, proposamenak ez zituela betetzen egungo mugikortasun-beharrak (pandemiak sortutako egoera areagotuta), eta, bestetik, beharrezkoa dela lanean jarraitzea bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko. "EH Bildutik askotan errepikatu dugu mugikortasun iraunkor, osasungarri eta seguru baten aldeko apustua", zehaztu du Villalbak. Egia esan, mugikortasunari buruzko eztabaidan, inplikatutako eragile guztiek berretsi dute ibilgailu bakoitzarentzat bereizitako espazio bakoitza beharrezkoa dela, espaloia oinezkoei utzita.


Horregatik guztiagatik, EH Bilduren ustez, bizikletaren eta txirrindularien aldeko konpromiso sendo eta errealak mahai gainean jartzeko unea iritsi da, bizikletak hirian presentzia handiagoa izan dezakeelako eta espazio seguruak izan ditzakeelako.