AKTUALITATEA


| 2021-06-15 11:29:00

Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak legealdi erdiko balantzea egin du gaur ekitaldi batean udal taldeko zinegotziekin batera. EH Bilduk bere burua aurkeztu du Gasteizen norabide aldaketa bat nahi dutenekin aliantzak eta akordioak lortzeko eta “aldaketa eta eraldaketa prozesu horren eragile eta bidelagun izaten jarraitzeko, Gonzalezek esan bezala. EH Bilduk Udalean duen bozeramaileak azpimarratu duenez, “aurrez aurre ditugun erronka handien aurrean, akordio eta aliantza zabalak partekatzeko prestutasun osoa dugu, geure hiria bestelako norabide batean jartzeko prest dauden eragile politiko eta sozial guztiekin. Ez dugu inor baztertzen. Baldintza bakarra hauxe da: akordio horiek edukia izan behar dute”.

 

EH Bildu prest agertu da etxebizitza eta hirigintza politika aurrerakoiak martxan jartzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko, berriztagarriak modu ordenatu eta eraginkorrean hedatuz, egungo larrialdi klimatikoari erantzuteko. Bozeramaileak adierazi du EH Bilduk konpromisoa hartu duela zaintza eta zerbitzu sozialak indartzeko eta duintzeko, mugikortasun jasangarria, osasuntsu eta segurua bermatuko duten inbertsioak lortzeko eta udalerriko ekonomia eraldatu nahi duten proiektu estrategikoak garatzen laguntzeko, hala nola, bateriak ekoizteko Gigafaktoriaren proiektua.

 

Bestalde, legealdiaren lehen erdian EAJk eta PSEk osatutako gobernuak hartu duen jarrera deitoratu du Felix Gonzalezek. "Gehiengo absolutua balute bezala jokatu nahi izan dute, oposizioa eta parte-hartzea traba gisa hautemanez. Urtaranek aldebakarreko kudeaketa lehenetsi du eta, argi dago, erabaki txarra izan da", adierazi du bozeramaileak.

 

EH Bilduk kritikatu egin du bi alderdien lehentasun bakarra aurreko legealdian ezarri zutenari jarraipena ematea izan dela. "Gasteizek erantzun sendoa eta eraginkorra behar izan duenean, udal gobernua motz geratu da. Neurriak berandu iritsi dira, eta pandemiaren ondorioak jasan dituzten sektoreei emandako babesa oso eskasa izan da", adierazi du Gonzalezek, eta gaineratu du hala adierazi duela kontu-hartzailearen txostenak ere; izan ere, pandemiari aurre egiteko diru eta erdi gehiago inbertitzeko aukera zutenean, EAJk eta PSEk ez dute hori egin nahi izan. "Nahiago izan dute esku-frenoa botata izan, krisiak azeleragailua zapaltzea eskatzen zuenean. EAJ-PSE formula hasieratik egon da eta dago pentsatuta kudeaketa soilerako. Politika eraldatzaileak bultzatzeko aukera alde batera utzi dute lehen minututik", adierazi du bozeramaileak.