AKTUALITATEA


| 2019-07-23 11:50:00

Joan den uztailaren 5ean Espainiako BOEk Gasteizen Trena Integratzeko Azterlan Informatiboaren testu osoa argitaratu zuen. Behin dokumentuaren edukia publiko eginda, Espainiako Sustapen Ministerioak 45 eguneko epea ireki du proiektuari buruzko informazio publikoaren prozedura egiteko.

Dokumentuaren lehen irakurraldi batek agerian utzi du obraren eraginpean hiriko 41 kale eta 200 bat atari geratzen direla, Gasteizko bederatzi zonaldetan banatuta, ekialdetik mendebaldera. «Obra hauek eragin handia izango dute hiriaren parte handi batean, eta beharrezkoa da lan horien eragina jasan dezaketen auzotar guztiek eskura edukitzea informazio esanguratsu osoa, balizko ondorio guztiak barne», azaldu du EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak, Miren Larrionek.

Obraren garrantzia dela-eta, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio lurperatze proiektuak eragingo dituen auzoguneak deitzea eta biltzea, atari horietako bizilagunei modu zuzenean azaltzeko informazio tekniko guztia, eta lan horien ondorioak.

Hiritarrek dokumentuari alegazioak aurkezteko aukera badutela kontuan hartuta, EH Bilduk beharrezkotzat jo du audientzia publikoaren epea amaitu baino lehen deitzea auzoguneak. Epe hori iraileko lehen astean amaituko da.

Halako tamaina duen obra baten aurrean eta parte-hartzean benetan sinesten bada, Larrionek azpimarratu du ezinbestekoa dela «herritarrek uneoro gertatuko denari buruz informazio egokia edukitzea, eta izan ditzaketen zalantza edo galdera guztiei modu argi eta gardenenean erantzutea administraziotik».

Joan den ostiralean, halaber, trenaren lurperatzeari jarraipena egiteko lan taldea berriro eratzea erabaki zuen udalbatzak, koalizioaren mozio bati jarraituz. EH Bilduren aburuz, proiektuaren une honetan herritarrak informatzea beharrezkoa den modura, egokia da lurperatzearen lan taldea ahalik eta azkarren biltzea, udal talde guztiek eskura izan dezaten informazio tekniko osoa, eta horri buruz eskatzen dituzten azalpen guztiak argitzeko.