AKTUALITATEA


| 2021-11-19 12:20:00

EH Bilduk balioan jarri du Gorka Urtaranek berak gaur azaldu duen udal aurrekontuaz eztabaidatzen jarraitzeko borondatea. Zentzu horretan, EH Bilduk positibotzat jo du gobernuak FOFELetik iritsiko diren likidazio-aurreikuspeneko 18 milioi euro horien norakoari buruz eztabaidatzeko eta negoziatzeko adierazita jarrera, aurrekontu-proiektuan zuzenean sartuta egonda edo ez. Horrela, datozen egunetan herritarren beharrei erantzungo dien inbertsio-proposamen zehatz, arduratsu eta bideragarria heleraziko dio EH Bilduk Urtaranen gobernuari.

EH Bilduk aurrekontu horiek gasteiztarren beharrei erantzuteko bere borondate osoa agertu du. Horrela EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok gaineratu du: «une garrantzitsu batean gaude, eta etorkizuneko Gasteiz eraikitzea dago jokoan. Funtsezko erronkei aurre egin behar diegu, hala nola gizarte-ongizateari, energia-trantsizioari, ekoizpen-eraldaketari edo hiri-berrikuntzari, besteak beste, eta horiei erantzutea izan behar da lehentasuna aparteko funts horien erabilera definitzerakoan». EH Bilduk lau arlo hauetan proposamen zehatzak egingo ditu datozen egunetan udal gobernuari helarazteko.