AKTUALITATEA


| 2023-09-12 10:20:00

EH Bilduk baliabide publikoak handitzearen alde egin du, herritarren poltsikoa arintzeko proposamenak bultzatzeko. Koalizioak Gasteizko Udalean duen bozeramaile Rocio Viterok aurrekontuen eztabaidari testuinguru ekonomiko orokorra eta Gasteizko pertsonen eta familien egoera kontuan hartuta ekingo diola adierazi du.


Zentzu horretan, Viterok ziurtatu duenez, «erakundeetatik herritarren beharrei erantzun nahi badiegu, zergak eta tasa publikoak eguneratu behar ditugu, neurriz eta, betiere, bi printzipioren arabera: politika fiskala progresiboa izatea, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, eta diru-sarrerak jendearen bizitza hobetzera bideratzea. Horregatik, Hego Euskal Herrian KPIaren batez bestekoaren inguruko igoera (%2,5) proposatuko dugu Ordenantza Fiskalen hurrengo eztabaidan».


Hala, EH Bilduren bozeramaileak argitu duenez, «EH Bilduk uste du igoera orekatua dela eta baliabide publikoak handitzea ahalbidetzen duela, zergadunei karga fiskala neurriz kanpo handitu gabe». Gainera, Viterok gaineratu du proposamen horrekin batera progresibitate fiskala hobetuko duten neurriak hartuko direla. Besteak beste, kenkarien igoera OHZren hobaridun tarte guztietan, eta tarte berri bat gehituz diru-sarrera gutxien dituzten pertsonen babesa hobetzeko.