AKTUALITATEA


| 2021-12-10 13:04:00

EH Bilduk Gasteizko Udalean aurrekontuen negoziazio fasea zabalik mantentzea erabaki du. EH Bilduk Urtaranen gobernuari helarazi zion inbertsioei buruzko proposamen zehatz bat du mahai gainean, eta premiaz erantzuteko eskatzen dio. Azken harremanen ondoren, eta gobernuaren aldetik kontraproposamen bat egiteko konpromisoa jaso ondoren, EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik egingo 2022rako aurrekontu proiektuari. Horrela, datorren astean zehar inbertsio proposamen horren edukian sakondu ahal izatea espero du.

EH Bilduk lau arlo handi indartzea proposatu zuen, 29'4 milioi euroko inbertsioekin, babes sozialean, susperraldi ekonomikoan, trantsizio
energetikoa, etxebizitzan eta mugikortasunean. EH Bilduk udal gobernuari egiten dion proposamenak 4 milioi euro jasotzen ditu adinekoentzako politiketan, 3 milioi euro enplegua hobetzeko eta merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko, 2 milioi kultur-azpiegituretarako eta -sektorerako, 2 milioi eguzki-energia berriztagarria hedatzeko, ia 4 milioi mugikortasun jasangarri eta osasungarrirako, 6 milioi etxebizitza eta birgaitze politikarako, eta 2 milioi oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeko, besteak beste.

Zentzu horretan, EH Bilduren proposamena modu irekian gauzatzen da: inbertsioen zati bat aurrekontuan sar daiteke
jada eta beste bat FOFELaren likidazioa iristen denerako utz daiteke, edo partida guztiak sar daitezke, batzuk sinbolikoki, ondoren likidazio horren bidez finantzatzeko. EH Bilduk malgutasuna izango du gai honetan, baldin eta funts horien xedeari buruzko akordio argi eta nahikoa badago, udal politiketan norabidea aldatzea ahalbidetuko duena.