EH Bilduk bat egingo du biharko, urtarrilak 30, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Agiriak antolatu duen grebarekin. Udal talde osoak bat egingo du deialdi horrekin. Udal jardueran beste deialdi batzuk zeudela ikusita, eta nahi duten udal langile guztiek lanuztearekin bat egitea errazte aldera, EH Bilduk eskatu zuen biharko deituta zeuden TUVISAko eta AMVISAko kontseiluak atzeratzea. Udal gobernuaren erantzuna bi kasu horietan berdina izan zen: aukera hori ukatzea.
TUVISAko kontseiluaren gai zerrenda jasotzerakoan iritsi da ezuste desatsegina. Aztertu beharreko gaien artean, udal gobernuak sartu du hiriko autobusen hainbat tarifa eta prezio igotzeko proposamena. Igoera ez da negoziatu, ez da adostu, eta ez du kontseiluaren gehiengoaren babesa. «Gobernua saiatu da greba deialdi legezko bat baliatzen gaur egun dauden gehiengoak aldatzeko eta autobus txartelen igoera bat inposatzen saiatzeko», ohartarazi du Felix Gonzalezek, taldeko zinegotzi eta TUVISAko kontseilariak.
EH Bilduk uste du Urtaranen gobernuak arduragabekeriaz jokatu duela, udalerrian garraio publikoak izan beharreko tarifen kudeaketa bezalako gai serio batekin. Aldiz, EH Bilduren Gasteizko udal taldeak arduraz jokatuko du, eta TUVISAn dituen bi kontseilariak biharko bilerara joango dira, soilik prezioak igotzeko proposamenaren aurka bozkatzeko xedearekin. «EH Bilduk ez du onartuko udal gobernuak atzeko atetik egin nahi duen amarru honek herritar gehienak kaltetzea. Pertsonen bizimodua hobetzea badago grebaren helburuen artean, eta ez diogu inorri deialdia baliatzen utziko bizibaldintza horiek kaltetzeko», azaldu du Gonzalezek.