AKTUALITATEA


| 2021-12-15 09:19:00

EH Bildu Gasteizek Ana Oregi Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzako zinegotziaren agerraldia eskatu du joan den asteburuan uholdeen ondorioz gertatutakoari buruzko azalpenak emateko. Eskaera ezohiko eta presazko moduan egin da, izan ere, zinegotziak ez zuen informazio garrantzitsurik eman atzo, batzordean interpelatu ondoren.

Besteak beste, Urtaranen gobernuak URAren akusazioak azaltzea espero du EH Bilduk. Eusko Jaurlaritzaren agentziaren arabera, Abetxukuko kaleetako uholdeak ez ziren Zadorrako ur-goraldiaren ondorio izan, estolderiaren funtzionamendu txarrarenak baizik. «Gasteizko Udala isilik dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzaren agentziak txosten tekniko bat egin du, Abetxukun sortutako arazo larriak estolderia-sistemari zuzenean leporatzeko. Akusazio hori egiazkoa den jakin nahi dugu, eta, hala balitz, gertatutakoaren erantzukizuna norena den jakin ere, berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzeko», azaldu du Amancay Villalba EH Bilduko Gasteizko zinegotziak.