AKTUALITATEA


| 2023-05-05 13:50:00

EH Bilduk etxebizitzaren arloko proposamena aurkeztu du gaur goizean. Bertan, neurri sorta bat jasotzen da, herritarrentzako alokairuko etxebizitzen eskaintza hobetzeko helburuarekin. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak adierazi duenez, «etxebizitza-politikaren abiapuntua eskubide gisa aitortzea izan behar da. Hau da, herritar guztiei aitortu behar zaie etxebizitza duina, egokia eta eskuragarria izateko aukera, eta botere publikoen lana da eskubide hori lortzen dela bermatzeko esku hartzea».

Izan ere, hautagaiak ziurtatu duenez,
«etxebizitza eskuratzeko zailtasuna milaka pertsonaren bizitza baldintzatzen ari da, eta Udalak babestutako alokairuaren eskaintza erraztuko duen etxebizitza-politika bultzatu behar du, eraikuntza berrien bidez eta egungo parkea berreskuratuz eta birgaituz».

Gasteizen 9.400 baino gehiago dira babestutako alokairuko etxebizitzen eskatzaileak, eta, hala ere, merkatuko alokairu-prezioek gora egiten jarraitzen dute.
«EAJren eta PSEren etxebizitza-politikek huts egiten diete Gasteizko herritarrei. EH Bilduren ustez, etxebizitza-politikarekin lotutako tresnek norabide bera izan behar dute, eta uste dugu alokairuko etxebizitzen eskaintza indartzea izan behar dela ahalegin koordinatu hori gidatuko duen iparrorratza. Udalari etxebizitza-politika eta -estrategia propioa ematearen aldeko apustua egiten dugu, eta politika horiek alokairu babestua bultzatzearen alde. Politika horiek gainerako erakundeekin koordinatu nahi ditugu, baina udal-eremutik esku hartzeari uko egin gabe. Gehiago egin behar dugu Vitoria-Gasteizko Udaletik kalitatezko etxebizitza duin bat eskaintzearen alde, eta lehentasuna da EH Bildurentzat».

Viterorekin batera, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduren Gasteizko alkateorde izateko hautagaia eta Martin Orner egon dira. Azken hori Vienako Udalerako, Austriako hiribururako, etxebizitzaren arloko aholkulari politikoa izan da urteetan. Gaur egun, Ornerrek sektorean lan egiten jarraitzen du, etxebizitza sustatzeko kooperatibetan, eta Vienan egiten du lan, Europan eta munduan alokairuko etxebizitza publikoetan erreferente den hirian, hain zuzen ere. «Gasteizen arazo eta erronka handia dugu etxebizitza duina eta kalitatezkoa izateko aukera bermatzeko, eta gaurko topaketak aukera emango digu alokairuko etxebizitza publikoen arloan hiri erreferentzial honetatik asko ikasteko
», ziurtatu du Viterok.

Bestalde, Unai Fernandez de Betoñok EH Bilduk etxebizitzaren arloan egingo dituen jarduera batzuk azpimarratu ditu. Lehenengoa alokairuko etxebizitzaren udal-parkea sortzea dela adierazi du. «Udalaren eskumenekoak diren etxebizitza guztiak alokairuko parke publiko bat hornitzeko erabiliko dira. Parke horretara beste administrazio publiko edo eragile pribatu batzuen etxebizitzak bideratu ahal izango dira, lankidetza-hitzarmenak eta programak sinatuta. Azken batean, parkea eta etxebizitza-eskaintza izatea da kontua, Bilbo edo Iruñea bezalako beste udalerri batzuek duten bezala».

 

Era berean, nabarmendu du plan estratiko batek ezarriko lituzkeela udal etxebizitza-parkearen helburuak. Plan horrek lehentasuna izango du biztanle kalteberenei edo baliabide ekonomiko eskasak dituztenei etxebizitza bermatzea, hala nola gazteei, haientzat berariazko plan bat eginez. Gainera, Fernandez de Betoñok ziurtatu du esku hartuko dutela etxebizitza publikoa berreskuratzen eta berrerosten, alokairuko etxebizitzen udal-parkearen bidez eskura jartzeko. Helburuetako bat etxebizitza berriak eraikitzeko lurren erdia gutxienez alokairurako izatea bermatzea litzateke.

«Etxebizitza propioa mobilizatzearekin eta berrerostearekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatzea defendatzen dugu, Zabalgana eta Salburua auzoetan alokairu babestuko etxebizitza berria eraikitzeko. Akordio horrek hainbat urtetarako jarduketa-kronograma bat izan beharko luke, hartutako konpromisoen jarraipena eta kontrola egiteko», adierazi du Fernández de Betoñok, eta etxebizitzak birgaitzea bultzatuko dutela ziurtatu du. «Ikuspegi bikoitzetik egiten dugu. Batetik, dagoeneko eraikita dagoen etxebizitza-parkearen kalitatea hobetzea, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetuz, eta, bestetik, dagoeneko eraikita daudenak hobetzea, alokairu-merkatuan etxebizitzen kalitatea handitzeko».

EH Bilduk, halaber, Gasteizko birgaitzearen giltzarri gisa aurkeztu du Ensanche XXI Energia Aurrezteko eta Hiri Birgaitzeko Udal Agentzia bilakatzea. Agentzia horrek auzo guztiak leheneratzeko plan integralak antolatu eta garatuko ditu, zaharrenetatik edo degradazio-maila handienetatik hasita.
«Beharrezkoa da Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezi bat abian jartzea, eraikinen eta auzoen ezaugarriak kontuan hartuta».

Etxebizitza legeek eskaintzen dituzten tresna guztiak erabiliko ditu EH Bilduk udalerri osoan alokairuen prezio eskuragarria bultzatzeko, eta bizitegi-merkatu tenkatuko eremuen deklarazioa onartzearen alde egingo du, auzoka, alokairuaren prezioa topatzeko eta udal etxebizitza-politikak indartzeko.