AKTUALITATEA


| 2023-02-01 12:39:00

EH Bilduk bi ekimen aurkeztu ditu Gasteizko Udalean eta Eusko Legebiltzarrean, Arabako hiriburuan alokairu babestura bideratutako etxebizitza publikoen hazkundean urratsak eman daitezen eskatzeko. «EAJren eta PSEren udal-gobernua udalerriko etxebizitza-politikak oztopatzen ari da. EAE osoan alokairura bideratutako 7.236 udal-etxebizitzetatik 75 baino ez daude Araban. EAJren eta PSEren paralisiaren aurrean, Gasteizen alokairu babestuko etxebizitza eskatzen duten 9.000 pertsona baino gehiagori erantzuteko lanean ari da EH Bildu. Udalbatzari hirian erregimen babestuko alokairuaren eskaintza handitzeko akordio bat proposatzen diogu», adierazi du Viterok.

Ildo horretan, EH Bilduk udal jabetzako etxebizitzak alokairuan jartzeko plan bat egiteko eskatuko dio osoko bilkurari. Udal-etxebizitzak erregimen babestuan alokatzeko e
skaria egingo du ere. Mozio horretan bertan, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen adostu eta sina dezatela babestutako alokairuko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena eskatuko du EH Bilduk.

Halaber, EH Bilduk
Legez Besteko Proposamen bat eramango du Eusko Legebiltzarrera, Gasteizen alokairu babestua bultzatzeko. Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztuko duen ekimen honek Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialaren aldeko behin betiko apustua egitea du helburu. «Eusko Jaurlaritza martxan jarri behar da, baina ezin dugu ahaztu etxebizitza ere udal-eskumena dela eta Udalari dagokiola etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzea. Aurten, dagoeneko, alokairuko etxebizitzen 9.371 eskatzaile daude. Higiezinen webgune ezagun baten arabera, Gasteiz da Estatu osoan alokairu-eskaera handiena duen udalerria. Aski da atzerapenekin, bada garaia jendearen beharrei erantzungo dien etxebizitza-politika abian jartzeko», adierazi du legebiltzarkideak.

EH Bilduk, halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari eskatuko die Gasteizen alokairuko etxebizitzen eskaria murrizteko premiazko neurriak har ditzatela. EH Bilduk proposatu du hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura mugiaraztea, librea zein babestua, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko formula erabiltzea eta alokairu sozialeko etxebizitzen sustapen berriak garatzea hirigintzaren ikuspegitik erabilgarri dauden lurretan. Azkenik, Gasteizen alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena adostu, sinatu eta betearaz dezatela eskatu die bi erakundeei.