AKTUALITATEA


| 2021-09-28 10:47:00

EH Bilduk irtenbideak eskatu ditu Alde Zaharrean, duela hilabete gutxi sortutako egoerari aurre egiteko. Une hartan, udal-gobernuak ibilgailu motordunen trafikoa kendu zuen Alde Zaharreko goialdetik, eta zirkulazioaren noranzkoa aldatu zuen kale batzuetan, baina neurri horiek ez dute lortu zirkulazio parasitoa desagerraraztea, eta, ondorioz, bertatik zihoan trafiko hori kale paraleloek xurgatu dute. «Gobernuaren ekintza honen ondorioz, inguruko kaleetako trafikoa handitu egin da eta, aldi berean, oinezkoen artean segurtasun falta areagotu egin da. Alde Zaharrak konponbide integrala behar du, eta EH Bilduk bat egiten du auzokideen segurtasun eskaerarekin, eta horregatik kaleak oinezkoentzat jartzea eskatzen dugu», adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.


EH Bilduk, halaber, segurtasun falta areagotu egin dela ziurtatzen duten Herritarren Postontzian jaso diren herritarren kexekin bat egin du. Asko dira Alde Zaharreko kaleetan dabiltzan ibilgailuak, batez ere oinezkoentzat diren kaleetatik eta ibilgailu eta oinezkoen erabilera mistorako egokituta ez daudenak. Are gehiago, gaur egun, ibilgailuak atarien eta denda eta zerbitzu publikoen sarreren aurretik ibiltzen dira.


Gobernuaren erantzunak berandu eta gaizki iristen ari dira, eta ez diote irtenbiderik ematen sortutako arazoari. Benetako irtenbideak behar dira, eta horregatik, Villalba zinegotziak esan du, «EH Bildu Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunen kezkarekin bat dator eta, super-etxadien eredua aplikatuz, oinezkoei espazio publikoa ematea eskatzen du». Horrela, EH Bilduko zinegotziak berak eramango du gaia biharko Mugikortasun Batzordera.