AKTUALITATEA


| 2026-10-13 10:02:00

EH Bilduk akordioa itxi du PSE-EEren eta EAJren udal gobernuarekin Ordenantza Fiskalen arloan. Konpromiso horrek zergak izoztea eta tasa eta prezio publikoak % 3ra eguneratzea ekarriko du. Akordio hori bihar, asteazkena, Ogasun Batzordean eta ostiral honetako Udalbatzan egingo den bozketan formalizatuko da.


Horrela, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, «akordio garrantzitsu bat lortu dugu, gobernuak hasieran proposatutako igoera gehiegizkoa geldiarazteko eta jendea babestearen eta Udalaren ahalmen ekonomikoari eustearen arteko oreka mantenduz, zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko. Izan ere, nazioarteko testuinguru sozioekonomikoari eta inflazioaren zurrunbiloari erreparatuta, gure jarrera zuhurtasun handikoa izango zela eta izan dela iragarri genuen».


Hala, Viterok nabarmendu du legealdian zehar bere alderdia erantzukizunez jokatzen ari dela. «Gaur, beste behin ere, Euskal Herria Bilduk udalerri honetako zerga-politikan eragiteko duen gaitasuna erakusten dugu. Arduraz jokatu dugu eta une bakoitzeko errealitateari erreparatu diogu. Are gehiago, udal honek ezin izango zukeen inbertsio eta politika publikoak martxan jarri Euskal Herria Bilduk lortutako akordiorik gabe».


Proposamen horrek, gainera, ez du arriskuan jartzen udalaren finantza-gaitasuna; izan ere, udalak diru-sarrera berriak izango ditu, uraren tasa berriaren, tasa turistikoaren, telefonia-sareei kobratuko zaien tasaren bidez. Gainera, Udalaren aldeko likidazio positiboa aurreikusten da FOFELen.


«Finantza-gaitasuna duten tokiko erakundeen aldeko apustuari eusten diogu, jendearen bizitza hobetuko duten proiektuak eta politika publikoak abian jartzea ahalbidetuko dutenak. Eta gure bizilagunek bizi duten une ekonomiko delikatuarekiko sentsibilitate eta enpatia handienarekin egiten dugu», amaitu du Viterok.