AKTUALITATEA


| 2021-05-04 09:03:00

EH Bilduk espero du aurreikuspenak betetzea, eta luze gabe Adif estatuko tren kudeatzaileak Eusko Jaurlaritzari ematea Zabalganan Aldaialde ikastetxea eraikitzen hasteko beharrezkoa den baimena. Hala, EH Bilduk eskatzen dio Hezkuntza Sailari «berehala» lizitatzeko eraikuntza proiektua, zoritxarrez, erabat onartezina den urteetako atzerapena pilatu duen proiektua.

 

Aldaialdeko hezkuntza komunitateak – familiak, irakasleak eta ikasleak – sei urte daramatza borrokan hau lortzeko. «EH Bilduk zorionak eman eta eskertu nahi du Aldaialdeko hezkuntza komunitateak bere ikastetxearen alde egin duen lan guztia, konpromiso eta irmotasun eredu. Bestalde, gaitzesten dugu EAJren utzikeria Eusko Jaurlaritzan eta Gasteizko Udalean, obra horiek are gehiago atzeratzea eragin duena», azaldu du EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaile Felix Gonzalek.

 

Gonzalezek gogora ekarri du orain dela urtebete baino gehiago EH Bilduk mahai-gainean jarri zuela Adif-i eskaera egin beharko zitzaiola obrei ekin ahal izateko, ikastetxea eraiki nahi den orubea 2012an trena lurperatzeko proiektuarekin egin zen azterlanaren menpe zegoelako. Ondoren, EH Bilduko kideek bilera egin zuten Sustapen Ministerioko ordezkariekin, eta horretan zuzenean egiaztatu ahal izan zuten ez Gasteizko Udalak ez Eusko Jaurlaritzak ez ziotela inoiz baimen eskaera zehatza egin ez eta eraikuntza proiektua bidali, baina ministerioko ordezkariak prest azaldu ziren aztertzeko baimenaren alde egitea, eskaera egiten bazitzaien.

 

«Urtaranen gobernuak urte eta erdiz ziurtatu du Adif-en baimena ez zela beharrezkoa, eta lanak has zitezkeela baldintzatutako lizentzia batekin. Asmo hori erabateko gezurra zela agerian geratu da, eta ziria sartu zaie Aldaialdeko familiei denbora tarte guzti honetan», zehaztu du Gonzalezek.

 

EH Bilduk badaki azkenik joan den otsailaren 22an Hezkuntza Sailak Aldaialdeko eraikuntza proiektua bidali eta beharrezko baimena eskatu ziola Adif-i. Orain, gaur hedabide batek argitaratutakoaren arabera, badirudi jasoko dela Adif-en behin betiko baiezkoa. Praktikan, ez da aldaketa handirik egongo, orubea erabiltzea baldintzatzen duen azterlan informatiboaren iraupena bertan behera geratuko delako 2022. urteko martxoan, eta ordutik aurrera baimen hori ez delako beharrezkoa izango. Edonola ere, EH Bilduk eskatzen dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari ahalik eta lasterren obren lizitazioa argitaratzeko, behintzat denbora apur bat irabazi ahal izateko.