AKTUALITATEA


| 2020-02-03 13:15:00

EH Bilduk Blanca Guerrero Hezkuntza ordezkariaren agerraldia erregistratu du, Aldaialde HLHIko obren lizitazio data bat aurreratzeko zailtasunei buruzko azalpenak eman ditzan.

EH Bilduk informazio eskaera bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteri galdetzeko noiz aurreikusten duen bere sailak obren lizitazioa ateratzea. Erantzunean, sailburuak obren lizitazioaren hasiera-data bat aurreratzeko zailtasunak argudiatu zituen, "Hainbat faktore ez baitaude sail honen mende bakarrik", gaineratu zuen Uriartek.

Gorka Urtaran alkateak iazko urrian adierazi zuen Aldaialdeko obrek aurrera egiteko baldintzatutako obra-lizentzia emango ziola Eusko Jaurlaritzari. Gaur-gaurkoz, ez batzuek ez besteek ez dute urratsik eman zentzu horretan.

Miren Larrion Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramailearen ustez, "Adarra jotzea da ikastetxe horretan matrikulatutako 250 ikasle baino gehiagoren hezkuntza baldintzatzen duten obrak etengabe atzeratzea. Aski da atzerapenekin, bada garaia egunero-egunero seme-alabak barrakoietan utzi behar dituzten ehunka familiei behingoz erantzuna emateko".

700 ikasle hartzeko proiektatutako zentroa da, eta hainbat atzerapen ditu irekitzeko. EH Bilduk salatu duenez, Aldaialderen eraikuntza ezin da egon abiadura handiko trenaren lurperatzearen menpe, are gehiago lurperatze hori egingo delaren ziurtasunik ez dagoenean.