EH Bilduk Gasteizen berriztagarriak hedatzeko akordio proposamen bat aurkeztuko dio udalbatzari, herritarrei irekitako partaidetza-prozesu batean oinarrituta. Horrela, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «EH Bilduk akordio bat nahi du Gasteizek energia berriztagarrien hedapenaren plangintza parte-hartzailea abian jar dezan, ditugun energia beharrei erantzutera eta energia ekoizpenaren inguruan ahalik eta adostasun sozial eta politiko zabalenak sortzera eramango gaituena».
EH Bilduren ustez, beharrezkoa da hitz egitea eta berriztagarrien hedapena zer, non, nola eta noiz egin behar den adostea. Era berean, ahalik eta modu adostuenean egitearen alde dago, hedapen berriztagarriko ibilbide-orri argi bat blindatuz, 2030ean deskarbonizazioan aurrera egiteko helburuarekin bat etorriz, eta egon daitezkeen aldaketa politikoetatik salbu. «Ezin gara mugatu berriztagarriak garatzeko kokaleku edo aukera-eremu posibleei buruzko azterlan bat azpikontratatzera. Deskarbonizazioa bizkortzeko akordio zabal bat lortu behar dugu, berriztagarrien sorkuntzan garapen ausart eta irmoarekin», ziurtatu du Viterok.
Ildo beretik, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du EH Bilduk trantsizio energetikoaren arloan egindako ibilbide luzea, Gasteiz Zero Karbono eta Araba Zero Karbono planetan islatutakoa. «Gaurko proposamena aurrekoekin bat dator. Energia berriztagarriak hedatzeko akordio zabala behar dugu, hedapenaren inguruko adostasunak badaude ere, kokalekuei buruzko desadostasunak daudelako. EH Bildun berriztagarrien LPS batean islatuko den lurralde-plangintza eskatzen jarraitzen dugu».
Halaber, EH Bilduk uste du, hedapenari dagokionez, maila lokalean gauzak egin daitezkeela. Udaletik posible da energia berriztagarriaren ekoizpena planifikatzea eta antolatzea, eta hori da, hain zuzen ere, EH Bilduk bultzatu nahi duena: plangintza bat egitea, udalerri bakoitzaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuta.