AKTUALITATEA


| 2023-05-15 11:40:00

Euskal Herria Bilduk Gasteizen eta Araba osoan zerbitzu sozial publiko eta kalitatezkoen aldeko apustu argia egin du gaur. Urteetan adinekoen arreta merkatu gisa kudeatu ondoren, EH Bilduk ikuspegia aldatu, eta zaintzak eskubide gisa finkatu nahi ditu, adineko pertsona guztien bizi kalitatea hobetzeko modu bezala.

EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, Rocio Viterok, konpromisoa hartu eta agindu du udaletik bultzatuko duela adineko pertsonen arreta eta zaintzak hobetzeko itun sozial eta politiko handi bat. Gizarte eragileen eta herritar guztien parte-hartzeari irekitako itun bat, zaintzen aldeko Mahai baten eta Batzar herritar baten sorreraren bidez.

Viterok azpimarratu du EH Bilduren borondatea dela adinekoentzako arreta eredu deszentralizatu eta hurbila bultzatzea, eta euren beharrak politika sozialen erdigunean jarriko dituela. «Auzoetan etxebizitza komunitario berriak jarriko ditugu, adineko pertsona gehien dituzten zonaldeetatik hasita. Eta inbertsioak egingo ditugu auzoetako Bizan adineko zentro gehiagotan jangelak jartzeko», azaldu du.

Bestalde, Arabako Batzar Nagusietarako hautagai Claudia Venceslaok azaldu du EH Bilduren asmoa dela buelta ematea Araban gertatu den gizarte zerbitzuen debaluzioari eta murrizketari. «EAJ-PSE gobernu formulak berriro ere agortuta dagoen politika sozialen eredua errepikatu du, erronka demografikoari bermeekin aurre egiteko beharretatik oso urrun dagoena. Bete gabeko promesa guztien gainetik, datu bat aski da: legeldi honetan arreta plaza publiko bat bera ere ez da sortu».

EH Bilduk bi proiektu zehatzen bidez garatuko du zaintza eredu berria. Batetik, San Prudentzioren erreforma modulu anitzeko zaintza konplexu bezala, plaza kopurua %50 handituz, 308 izan arte. Bestalde, Ariznabarrako egoitzaren eraldatzea, 140 arreta plaza izango dituen zaintza-etxe publiko bihurtzeko. Sortutako zaintza plaza guztiak publikoak izango dira.